Ami Canaan Mann zuzendariaren ''Texas Killing Fields'' filmak estreinatuko du ''AMERICAN WAY OF DEATH: 1990-2010 BITARTEKO AMERIKAKO ZINEMA BELTZA'' atzera begirakoa

Walter Hill eta James Gray zuzendariek aurkeztuko dute zikloa Donostian

Donostia Zinemaldiaren 59. ediziorako programatutako atzera begirakoa, Amerikako zinema beltzari eskainia, TEXAS KILLING FIELDS obrarekin hasiko dute. Filma Veneziako zinema-jaialdiko Sail Ofizialean lehiatuko da. Thriller sutsu honek erakusten duenez, generoa sasoi betean dago: Texaseko urtegietan girotutako lanak bi poliziakideren ikerketa-lanak kontatuko ditu, kostaldeko lautada zingiratsu bateko hedadura kezkagarri batean gertatutako eta argitu gabeko hainbat hilketaren inguruan. Sam Worthington, Jeffrey Dean Morgan, Chloe Grace Moretz, Jessica Chastain, Annabeth Gish eta Sheryl Lee dira filmeko antzezleak.

Ami Canaan Mann Michael Mann zuzendariaren alaba da. Hainbat telesailetan gidoilari eta zuzendari lanak egin ditu; esate baterako, NYPD Blue, Robbery Homicide Division edota Friday Night Lights sailetan. Zinemagintzan Morning (2001) film luzearekin estreinatu zen, eta Rhode Island eta Houstoneko zinema-jaialdietan saritu zuten pelikula hori.

«American Way of Death: 1990-2010 bitarteko Amerikako zinema beltza» zikloak genero honen barruan azken hogei urteetan sortutako berrogei bat izenburu enblematiko biltzen ditu; dela Hollywoodeko ekoizpen ospetsuak, dela zinema independenteko proposamenak. Hainbat zuzendariren filmak izango dira ikusgai; hala nola, David Fincher, Clint Eastwood, Joel Coen, Michael Mann, Quentin Tarantino, John Dahl, Abel Ferrara, Jonathan Demme, eta beste askorenak. Zikloa luxuzko bi gonbidatuk aurkeztuko dute: Walter Hill eta James Gray zinemagileek, hain zuzen. Bien filmak daude bilduta atzera begirakoan.

Walter Hill (Long Beach, 1942) Amerikako akziozko zinemagintzako zuzendari handietako bat da, eta, besteak beste, honako filmak egin ditu: Hard Times (1975), Driver (1978), The Warriors (1979), The Long Raiders (1980) edota Southern Comfort (1982). Azken film hori Donostia Zinemaldiaren Sail Ofizialean lehiatu zen. Era berean, Deadwood telesailean ere parte hartu du. Zikloaren barruan, bere Last Man Standing (1996) pelikula emango dute, Bruce Willis eta Christopher Walken protagonista dituena.

James Gray (New York, 1969) zuzendariaren lehendabiziko lana Little Odessa izan zen. Veneziako eta Deauvilleko zinema-jaialdietan saritu zuten obra hori, eta atzera begirako honetan ikusi ahal izango dugu. Grayk genero honetako beste hainbat film ere egin ditu gerora; konparazio batera, The Yards (1999) eta We Own the Night (2007). Azkeneko lana Two Lovers filma izan da (2008).

Zikloa osatzeko, liburu bat ere argitaratuko dute, Roberto Cuetok eta Antonio Santamarinak koordinatuta. Bertan, Ricardo Aldarondo, Quim Casas, Jordi Costa, Desirée de Fez, Jara Fernández, Chris Fujiwara, Novotny Lawrence, Jesús Palacios, Alain Silver eta James Ursini adituen artikuluak bilduko dira.
Ziklo hau Euskadiko Filmategiarekin batera antolatu dugu, Valentziako Gobernuaren Filmotekarekin lankidetzan. Halaber, TCMk babestuta dago.


ORAIN ARTE BAIEZTATUTAKO FILMAK

GOODFELLAS (1990), Martin Scorsese
Txikitatik, Henry Hill-ek gangster izan nahi zuen… Eta auzoko tiporik gogorrenentzat lanean hasita lortu zuen. Martin Scorsesek ez die fede handirik idealizatutako ikuspegiei, eta mafiaren mundua nekez ikusitako errealismoz eta sinesgarritasunez kontatuko du. Benetako inspirazio-iturria The Sopranos telesailerako. Genero honetako maisulana.

KING OF NEW YORK (1990), Abel Ferrara
Christopher Walken aktorearen ibilbide osoko lanik bikainenetakoa. Frank White droga-trafikatzailearena egiten du; beti lehiakide guztiak deuseztatzeko prest, kode etiko berezi honekin: «Sekula ez dut akabatzen merezi ez duen inor». Abel Ferrararen zinemagintzarik onenaren zuhurtzia ageri du istorio gogor honek ere.

MILLER’S CROSSING (1990), Joel Coen
Elkarrizketa bikainez eta irudi ahaztezinez jositako filmaren bidez, Coen anaiek zinema beltz klasikoari bihotzez egindako omenaldia. Dashiell Hammett idazlearen Red Harvest eleberrian libreki inspiratutako film honek Tom Regan gogorraren ibilerak kontatzen ditu; gangsterren gerra baten erdian, zirkinik ere ez du egingo Reganek. Donostia Zinemaldiko Zuzendaririk Onenaren Zilarrezko Maskorra.

WILD AT HEART (1990), David Lynch
Sekula baino road movie kartsuagoa eta menderaezinagoa; David Lynch zuzendariak Barry Gifford idazlearen eleberriari egindako egokitzapen polemikoa. Sailor preso ohiak Lula liluratuko du, eta elkarrekin ihes egingo dute Kaliforniara. Baina neskaren amak hiltzaile bat kontratatuko du Sailor akabatzeko. Amerikako errepideetan barrena egindako ibiliek indarkeria franko utziko dute.

HOMICIDE (1991), David Mamet
David Mamet dramagile prestigiotsuak zinema beltzari egindako ekarpena, poliziakide judutar baten istorio arduragarria kontatzeko. Poliziakideak, ohi bezala hilketa bat ikertzen ari dela, ezkutuko konspirazio bat aurkituko du. Bi ezinbesteko aktore ditu protagonista: Joe Mantegna eta William H. Macy.

THE INDIAN RUNNER (1991), Sean Penn
Sean Penn aktoreak zuzendutako lehendabiziko obra. Drama ilun honek bi anaiaren arteko harremana eta bakoitzak bizitzari aurre egiteko duen modua jorratuko ditu: batak familian eta bizitzan sinesten du; besteak, berriz, indarkeria du gustuko, eta suntsitzailea da. David Morse eta Viggo Mortensen dira filmeko protagonistak.

NEW JACK CITY (1991), Mario Van Peebles
Gangster-generoaren bertsio afroamerikarra, 70eko hamarkadako blaxploitation zinema-mugimenduaren espiritua berreskuratzen duen filma. Wesley Snipes eta Ice-T rap-zalea ditugu aurrez aurre istorio honetan; droga-trafikatzaile anbiziotsu bat eta haren inperioaren kontra borrokatu nahian dabilen poliziakidea. Ice-T eta Keith Sweat musikarien eta Color Me Badd eta 2 Live Crew taldeen doinuak ditu.

THE SILENCE OF THE LAMBS (1991), Jonathan Demme
Jodie Foster eta Anthony Hopkins aktoreek Oscar bana irabazi zuten film honetan egindako interpretazio bikainarengatik; polizia-generoa izu-zinemara gerturatuta. Clarice Sterling FBIko agentea serie-hiltzaile bat harrapatzeko ahaleginetan ibiliko da, eta, horretarako, psikopata arriskutsu batengana gerturatu beharko du; Hannibal Lecter kanibalarengana, hain justu.

BASIC INSTINCT (1992), Paul Verhoeven
Zinema beltzeko femme fatalea Sharon Stonen erotismoarekin agertu zen 90eko hamarkadan; hain zuzen, zinemaren historiako hanka-gurutzatze ospetsuenarekin. Michael Douglas poliziakidea haren hatzaparretan eroriko da. Paul Verhoeven polemikoak sexu- eta ironia-dosi ederrekin jantzi zuen thriller hau.

ONE FALSE MOVE (1992), Carl Franklin
Arkansaseko Star City herrixkako sheriffak bizimodu lasaia darama, harik eta Los Angeleseko poliziaren oharra jasotzen duen arte: hiru gaizkile arriskutsu herrira iristear daude. 90eko hamarkadako film beltz onenetako bat, gogoraraztea merezi duen ahaztutako bitxia.
(Academy Film Archive adeitasuna)

RESERVOIR DOGS (1992), Quentin Tarantino
Quentin Tarantinok mundu osoa ahoa bete hortz utzi zuen zineman egindako debutarekin; kontakizun klaustrofobiko honetan, atrakatzaile-banda bateko kideek beraien artean salatzailea nor den jakin nahiko dute. Harvey Keitel buru duen aktore-talde paregabea; guztiek ere bikain antzeztu zituzten oihartzun handia izan zuten elkarrizketak.

MENACE II SOCIETY (1993), Albert eta Allen Hughes
90eko hamarkadako ghetto movie garrantzitsuenetako bat. Caine Lawson gazte afroamerikarraren bizitzako hainbat egunen kronika errealista eta gordina egiten du. Lawson Los Angeleseko auzorik arriskutsuenetako batean bizi da.
(Academy Film Archive-eko Tim Hunter Collection-eko adeitasuna)

RED ROCK WEST (1993), John Dahl
John Dahl zinema beltzeko maisuak zuzendutako film hau country noir generoaren erakusgai bikaina da; herrietako bizimodua ez dela hirietakoa baino askoz hobea erakutsiko digu. Nicolas Cagek nahaspila harrigarri batean sartutako tipoa antzeztuko du. Soldatapeko hiltzaile batekin nahastuko dute… Eta berak ez du ezertxo ere egingo gaizki-ulertua argitzeko.

SUTURE (1993), Scott McGehee eta David Siegel
Amerikako indie zinemagintzako kultu-film hau 40ko hamarkadako thriller psikologikoei egindako ekarpen bitxia eta originala da. Gizon bati bere anaiak egindako konspirazioa kontatzen du, biek herentzian jasotako ondasuna kendu nahi baitio. Film zoragarria, aurretik asma ezin daitekeena.

LITTLE ODESSA (1994), James Gray
Egun sona handiko James Gray zuzendariaren lehendabiziko obra honetan, soldatapeko hiltzaile bat bere txikitako auzora bueltatuko da, Brighton Beach auzora, hain justu. Bertan bizi da New Yorkeko komunitate errusiarra. Familiarekin elkartuko da berriro: anaiak miretsi egingo du; aitak, berriz, mespretxatu. Tim Roth eta Edward Furlong ditu protagonista.

HEAT (1995), Michael Mann
Los Angeles ez du inork filmatzen Michael Mann zuzendariak bezala. Hiri horrexetan dago girotuta high tech atrakatzaile baten eta haren atzetik etengabe dabilen poliziakide gogor baten arteko enfrentamendu obsesiboa. Pertsonaien arteko duelua, baina baita aktoreen artekoa ere: Robert De Niro Al Pacinoren kontra, alajaina.

NEW JERSEY DRIVE (1995), Nick Gomez
Spike Leek ekoitzitako ghetto movie honek auto-lapur gazte afroamerikar baten istorioa kontatzen du, baita auzoa kontrolpean duten poliziakideekin (zuriak) dituen liskarrak ere. Nick Gomezen bigarren filma; geroago, House, The Shield, Dexter, True Blood, Rubicon eta tankerako telesailak zuzendu ditu.

SE7EN (1995), David Fincher
Amerikako zinemak oso gutxitan irudikatu du Gaizkia (hizki larriz) David Fincher zuzendariaren thriller itogarri eta beltz honetan bezain modu irmoan. Brad Pitt eta Morgan Freeman aingeru hiltzaile bilakatutako serial killer baten atzetik dabiltza; aingeru hiltzaileak bekatu nagusiak zigortzen ditu. Harrigarria eta ahaztezina.

STRANGE DAYS (1995), Kathryn Bigelow
Zinema beltzak eta zientzia-fikzioak bat egingo dute Kathryn Bigelow Hollywoodeko zuzendari gogorrenak egindako ziber-thriller harrigarri honetan. Ralph Fiennes etorkizun hurbileko gizarteko ondasun preziatuenarekin negoziatzen duen trafikatzailea da; besteren oroitzapenekin, hain zuzen.

UNDERNEATH (1995), Steven Soderbergh
Burt Lancaster aktoreak 1949an Robert Siodmak zuzendariaren CrissCross filma antzeztu zuen, eta, ia 50 urte geroago, Steven Soderbergh zinemagileak remake dotore hau filmatu zuen. Fatalismorik beltzenaz blaitutako kontakizun honek furgoi blindatu baten gidaria du protagonista; furgoian daraman dirua lapurtu nahiko du gidariak.

FARGO (1996), Joel Coen
Coen anaien film dibertigarri, bortitz eta mingots hau Amerikako film noir modernoetan enblematikoenetakoa da. Komunitate txiki baten irudikapen garratz honetan, anbizioa eta inozokeria uztarturik daudela dirudi. Frances McDormand aktoreak antzezten du genero honen historiako poliziakiderik kutunena.

HARD EIGHT (1996), Paul Thomas Anderson
Magnolia (1999) eta There Will Be Blood (2007) filmaren zuzendariak, Paul Thomas Anderson-ek, film noir bikain hauxe egin zuen lehendabizikoz. Amerikako zinemaren eragina du, baina Frantziako polizia-film klasikoen ukiturik ere badu tartean behin. Bikote gazte baten aingeru guardako bilakatutako jokalari heldu bat antzezten du Philip Baker Hall bikainak.

LAST MAN STANDING (1996), Walter Hill
Walter Hill maisuak Amerikako zinema modernoko bi tipo gogorrenetakoak aurrez aurre ipini zituen: Bruce Willis eta Christopher Walken. Western-noir hau Akira Kurosawa eta Sergio Leone zinemagileak omentzeko egindako remakea da, baita gangsterren film klasikoak omentzeko ere.

L.A. CONFIDENTIAL (1997), Curtis Hanson
Inolako zalantzarik gabe, James Ellroy da gaur egungo eleberrigintza beltzaren maisu handia, eta halaxe nabarmentzen du bere libururik ospetsuenetako bati egindako egokitzapen honek ere. Russell Crowe poliziakide gogorra eta bortitza da, eta ezin du eraman emakumeak jotzea; Guy Pearce, berriz, urrun iritsi nahi duen poliziakide zintzoa da. Elkarrekin ustelkeria-sare bati egingo diote aurre, 40ko hamarkadako Amerikako berregite bikain honetan.

GHOST DOG: THE WAY OF THE SAMURAI (1999), Jim Jarmusch
Jean-Pierre Melville zuzendariaren Le samourai (1967) film klasikoa oso modu pertsonalean berregin zuen Jim Jarmusch zinemagileak. Forest Whitaker soldatapeko hiltzailea da, perfekzionista, eta errespetu handia dio samuraien gerrarako etikari. Baina bere inguruko munduak, ordea, etikaz ezer handirik ez du jakingo…

SUMMER OF SAM (1999), Spike Lee
Samen semea izenez ezagutzen zuten serie-hiltzaile misteriotsu batek hainbat hilketa egin zituen New Yorken, 1977ko udan. Spike Lee zinemagileak, garai horiek berregiteko, hiltzailearekin ikaratutako Bronx auzoko bizilagunak irudikatzen ditu. Zuzendariaren film onenetako bat, hain ezaguna ez izanik ere.

MEMENTO (2000), Christopher Nolan
Mendeku bila dabilen gizon batek bere emaztearen hiltzailea topatu nahi du, baina helburua lortzeko trabatxo bat dauka: bere amnesia dela eta, aurreko minutuetan zer gertatu den ez du gogoratzen. Chistopher Nolan zinemagileak Hollywood txunditurik utzi zuen film indie honekin. Pelikularen narrazio-egiturak, protagonista ez ezik, ikusleak ere sufriaraziko ditu.

PANIC (2000), Henry Bromell
William H. Macyk familia-negozio bat herentzian jaso duen gizonarena egiten du; hain zuzen, kontratu bidezko hilketa-enpresa bat jaso duenarena. Bere bizitzarekin oso gustura ez dagoenez, psikoanalistarengana jotzea erabakiko du, eta, itxarongelan dagoela, neska gazte erakargarri batekin topo egingo du. Bere lana berriro ere plantearaziko dio neskak, baita familiari aurre eginarazi ere. Merezi duen bitxikeria.

TRAINING DAY (2001), Antoine Fuqua
Poliziakide hasiberri eta idealista batek ilusioz ekingo dio lehendabiziko lan-egunari... Baina patruila-kide harroa, ustela eta bortitza egokituko zaio. Denzel Washingtonek Oscar saria eskuratu zuen thriller kementsu honetan egindako interpretazioagatik. Filma egungo zinemagintzako zuzendari afroamerikar nabarmenenetako batek zuzendua da; Antoine Fuquak, hain zuzen.

MYSTIC RIVER (2003), Clint Eastwood
Amerikako akzio-zinemagintzako ikono handietako bat, Clint Eastwood, kameren atzean ipiniko da honako honetan, eta iraganean esperientzia traumatiko bat bizi izan zuten lagun-talde baten istorio ikaragarria kontatuko digu. Lagun horien bideak berriro ere elkartuko dira, haietako baten alaba akabatzen dutenean. Sean Penn eta Tim Robbins ditu protagonista.

COLLATERAL (2004), Michael Mann
Taxi-gidari batek, soldatapeko hiltzaile errukigabe eta etekinzale bat hartu, eta Los Angeles hirian barrena gauez egindako bidaia txundigarria. Tom Cruisek, Amerikako zinemako mutil zintzoa izateari utzi, eta alderik ilunena erakutsiko digu. Jamie Foxx biktima errugabe bilakatuko da.

KISS KISS BANG BANG (2005), Shane Black
Shane Black, besteak beste, Lethal Weapon sagako eta The Last Boy Scout (1991) klasikoetan gidoilari aritua da, eta film honekin estreinatu zen zuzendari gisa. Robert Downey Jr. aktoreak garrantzi handirik gabeko lapur batena egiten du; lapurra ikerlari pribatu bilakatuko da, miaketa kriminal batean nahastu ostean.

SIN CITY (2005), Frank Miller eta Robert Rodriguez
Frank Miller marrazkilaria 1991n hasi zen Sin City komiki-saila argitaratzen; kontakizun goibel eta gogor haiek hard boiled tradiziorik onena zuri-beltz ikusgarrian biltzen zuten. Bere estetika berezia zinemara egokituta. Antzezle-talde bikaina: Bruce Willis, Mickey Rourke, Jessica Alba, Clive Owen eta Benicio del Toro.

BEFORE THE DEVIL KNOWS YOU’RE DEAD (2007), Sidney Lumet
Sidney Lumet zinemagileak genero beltzari ekarpen gogoangarriak egin dizkio; esate baterako, Serpico (1973), Dog Day Afternoon (1975) edota Prince of the City (1981). Aparteko thriller hunkigarri hau 83 urte zituela zuzendu zuen, eta bere azken maisu-ikasgaia izan zen. Ethan Hawke, Albert Finney, Philip Seymour Hoffman eta Marisa Tomei ditu protagonista.

ZODIAC (2007), David Fincher
Amerikako gizarteak Zodiakoaren Hiltzaile enigmatikoak egindako hilketa ulergaitzak zirrara handiz bizi izan zituen, 60ko hamarkadaren amaieran. David Fincher zinemagileak xehetasun handiz kontatzen du kazetari batek eta poliziakide batek egindako ikerlana, erantzunik gabeko galderari erantzuteko helburuz.

PRIDE AND GLORY (2008), Gavin O’Connor
Poliziaren munduan girotutako familia-drama sendoa. Poliziakide batek, polizia-kidegoan izandako ustelkeria-trama bat aurkitu ostean, sekulako dilema izango du, bere koinatua inplikaturik baitago. Edward Norton, Colin Farrell eta Jon Voight dira protagonista nagusiak.

THE AMERICAN (2010), Anton Corbijn
Anton Corbijn bideoklipgile prestigiotsuak George Clooneyren esanetara ipiniko du bere estetika fina. Hollywoodeko izar handiak soldatapeko hiltzaile hotz eta perfekzionista bat interpretatuko du. Hiltzaileak Italiako herrixka batera ihes egin beharko du, bere buruari prezioa ipintzen diotenean.

TEXAS KILLING FIELDS (2011), Ami Canaan Mann
Ami Canaan Mannek, thrillerrarekin trebatua dagoela erakusten du, baita biktima izan daitezkeenekiko sentikortasun handia izatea. Kontakizun hau Texaseko urtegi ikusgarrietan dago girotuta; sorgindutako unibertso txiki batean. Sam Worthtington (Avatar) eta Chloe Grace Moretz (Kick Ass) ditu protagonista.

 

71. Donostiako Zinemaldia

Emanaldien historikoa

Boturik gabe
Boturik gabe
Boturik gabe
Boturik gabe
Boturik gabe

Hizkuntzak