Berlingo Nazioarteko Zinema Jaialdiak eta Donostia Zinemaldiak elkarlan hitzarmena sinatu dute ''Culinary Zinema: Zinema eta Gastronomia'' sailerako, Basque Culinary Center eta Donostia Zinemaldiak elkarrekin antolatutakoa.

Berlingo Nazioarteko Zinema Jaialdiak, Donostia Zinemaldiak eta Basque Culinary Centerrek prentsaren aurreko agerraldia egin dute gaur, abuztuaren 3an, aurtengo Zinemaldian izango den sail berri bat aurkezteko: Culinary Zinema. Horrez gain, elkarren artean sinatu duten elkarlan hitzarmenaren berri ere eman dute.

Honako hauek hartu dute parte prentsaurrekoan:

Dieter Kosslick (Berlingo Nazioarteko Zinema Jaialdiko zuzendaria), Thomas Struck (Berlingo Nazioarteko Zinema Jaialdiko Culinary Cinema saileko arduraduna), Joxe Mari Aizega (Basque Culinary Centerreko zuzendaria), Andoni Luis Aduriz (sukaldaria) eta Jose Luis Rebordinos (Donostia Zinemaldiko zuzendaria).

Donostia Zinemaldiko sail berriak Berlinaleko "CULINARY CINEMA" sail entzutetsutik hartu du izena, “C” letraren ordez “Z” hizkia aldatuta, “ZINEMA” hitza gogoan, hau da, “CINEMA” hitzaren euskal itzulpena.

Donostian eta hiriaren ingurumarietan aurkitzen da metro karratuko Michelín izardun jatetxeen munduko kontzentraziorik handiena. Euskal sukaldariak, gainera, mundu guztian dira ezagunak eta preziatuak. Hor daude Mugaritz (bi Michelín izar ditu eta hirugarren sailkatu zen The Restaurants Magazine gida britainiarreko zerrendan), Arzak (hiru izar), Martín Berasategui (hiru izar), Akelarre (hiru izar)... Hor daude Andoni Luis Aduriz, Juan Mari eta Elena Arzak, Martin Berasategui, Pedro Subijana... Zalantzarik gabe, munduko jatetxe eta sukaldari garrantzitsuenen artean daude guztiak.

Donostiak, bestalde, FIAPF elkartearen sailkapenean maila gorena duen zinema jaialdi lehiakorra ere badu. Horrenbestez, Donostia Zinemaldia ia derrigortuta zegoen zinema eta gastronomia lotuko zituen sail bat sortzera.

Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendariak honela azaldu du gaurko agerraldian: «Aspalditik miresten dugu Berlinalek Culinary Cinema sailaren bitartez jorratutako lan ildoa.Hori dela eta, orain, Basque Culinary Centerrekin koprodukzioan zinemari eta gastronomiari buruzko gure sail propioa sortzea erabaki dugunean, zentzuzkoa iruditu zaigu munduko jaialdi garrantzitsuenetako batekin elkarlanean egitea. Berlinalek bai sukaldaritzaren munduan bai zinemarenean pilatutako esperientzia eta ospea baliatu nahi izan dugu».

Hitzarmenak zinemaren eta gastronomiaren gaineko informazioa trukatzea aurreikusten du, baita hezkuntza, zientzia eta nekazaritzaren arloetan elikadurarekin lotutako hainbat jarduera garatzea ere.

Culinary Zinemaren lehen edizioa Felipe Ugarte eta Juantxo Sardonek egindako Mugaritz BSO dokumentalaren mundu mailako estreinaldiarekin inauguratuko da.

Zazpi film luzek eta film labur batek osatuko dute sail osoa.

Zinema proiekzioekin batera, afari tematikoak ere egingo dira Zinemaldian.


Programa
7 film, 7 gai, 7 jatetxe, 7 sukaldari
Filma
Jatetxea
Sukaldaria

MUGARITZ BSO Mugaritz Andoni Luis Aduriz

EL BULLI: COOKING IN PROGRESS Mirador de Ulía Rubén Trincado

EL CAMINO DEL VINO La brasserie Mari Galant
(Hotel de Londres)
Roberto Ruíz
del restaurante El Frontón de Tolosa

LES ÉMOTIFS ANONYMES Iñigo Lavado Iñigo Lavado

JIRO DREAMS OF SUSHI Bokado Aquarium Mikel Santamaría

NOMA - AT BOILING POINT Fagollaga Ixak Salaberria

PERFECT SENSE Illarra Josean Eizmendi

Filmak

Mugaritz BSO
Zuz.: Felipe Ugarte, Juantxo Sardon.
Espainia, 2011.
Dokumentala.
INAUGURAZIOA.

Felipe Ugarte musikariak eta Andoni Luis Aduriz sukaldariak gastronomia menu bat esperientzia musikal bilakatzea xede duen proiektua abiarazi dute elkarrekin. Mugaritzeko errezetek soinu-mundu fidel eta gardena sortu nahi dute, gustuaren bitartez jasotako sentsazioak musika konposizio bilakatuz.

 

El Bulli: Cooking in Progress
Zuz.: Gereon Wetzel.
Alemania, 2010. 109 min.
Dokumentala.

El Bulli jatetxeko plateren sorkuntza prozesuari buruzko dokumentala. Negu oro, denboraldia amaitzen denean, munduko chef hoberen, berritzaileen eta ezohikoentzat hartua den Ferran Adrià Bartzelonako bere sukalde-laborategira erretiratzen da bere bi kolaboratzaile hurbilekoenekin: Oriol Castro eta Eduard Xatruch. Bertan, denboraldi berrirako menua sortzeko lanean aritzen dira, buru-belarri. Dokumentalak sorkuntza-hilabete neketsu horiek jasotzen ditu.

 

El camino del vino
Zuz. Nicolás Carreras.
Argentina, 2010. 95 min.
Fikzioa.

Charlie Artuarola sommelier entzutetsua Argentinako Mendoza probintziara heldu da «Masters of Food and Wine» dastatze lehiaketan parte hartzeko. Bertan dela, zerbait txundigarria gertatuko zaio: dastamena erabat galduko du. Nola edo hala sendatu nahirik, bere zentzumen preziatuena berreskuratzeko irrikaz, Mendozako probintzia zeharkatuko du eskualdeko ardo bikainak probatu eta, hala, bere dastamena «garbitu» nahian. Sendabiderik ez du aurkituko, baina, aldiz, bere lagun maiteenekin, beldurrekin eta fantasma ezkutuenekin egingo du topo.

 

Les Émotifs anonymes
Jean-Pierre Améris.
Frantzia, Belgika, 2010. 80 min.
Fikzioa.

Jean-René porrot egitetik gertu dagoen txokolategilea da. Pertsona izugarri maniatikoa da eta guztiari dio beldur, batik bat emakumeei. Angélique bonboi goxoak egiten dituen espezialista ederra da, eta bere konplexu guztiak sendatzeko laguntza eman nahi dio «sentibera anonimoentzako» talde terapia batean. Jean-Renék Angélique bere txokolategian lan egiteko kontratatzen duenean ezagutzen dute elkar, eta bien arteko erakarpena berehalakoa da. Biak ala biak, ordea, lotsati patologikoak dira, eta horrek gauzak are gehiago zailduko ditu gorabehera eta gaizki-ulertuz betetako komedia erromantiko honetan.

 

Jiro Dreams of Sushi
David Gelb.
AEB, 2010. 83 min.
Dokumentala.

Hiru Michelín izar dituen munduko sushi jatetxe bakarraren jabea da Jiro, dagoeneko laurogei urtetik gora dituen chefa. Jiroren jatetxea Tokioko metro geltoki batean dago eta hamar pertsonentzako edukiera du soilik. Bezeroek hilabeteko aurrerapenez hartu behar dute lekua eta 300 euro ordaindu behar dituzte sukaldari exotiko honek beren begien aurrean prestatzen dituen gutiziak dastatzeko.

 

Noma - at Boiling Point
Christian Vorting.
Danimarka, 2010. 58 min.
Dokumentala.

Kopenhageko Noma jatetxea munduko jatetxe onena izendatu zuen orain dela gutxi The Restaurants aldizkari britainiarrak. Dokumental honetan, bertako sukaldea ezagutuko dugu, René Redzepik zehaztasun militarrez eta talentu izugarriz gidatzen duena, Eskandinaviako zapore eta lurrinak esploratzeari inoiz utzi gabe.

 

Perfect Sense
David Mckenzie.
Britainia Handia, Alemania, Danimarka, 2010. 88 min.
Fikzioa.

Epidemia ikaragarri bat sufritzen ari da mundua: gizakiek, pixkanaka, beren bost zentzumenak galtzen dituzte. Eskoziako hiri batean bizi diren sukaldari bat eta epidemiologo bat, elkar ezagutu ondoren, maitemindu egiten dira; baina gaixotasunaren atzaparretan erortzen dira. Errezeta originalak sortzea erabakiko dute, lan egiten duten jatetxeak bezeroak gal ez ditzan, guztiak dastamena eta usaimena galtzen ari baitira...

 

Il ritorno
Massimo Bottura.
Italia, 2010. 12 min.

Massimo Botturaren sukaldaritzaren oinarri gastronomikoak deskribatzen dituen film laburra.

 
Sukaldariak

Ruben Trincado
Mirador de Ulía jatetxeko chef eta jabea. Michelín izar bat lortu zuen 2010. urtean. Abangoardia ikur hartuta, etorkizuna nondik joango den erakusten duen chefetako bat da.

Roberto Ruiz
Tolosako Fronton jatetxeko sukaldaria da orain dela hogei urtetik. Bere jatetxea produktuaren tenplu bilakatu du. Plateren jatorria ikertu eta kalitatea lantzen du ekoizleekin, eta, ostean, sentikortasun izugarriarekin eraldatzen ditu osagaiok.

Iñigo Lavado
Sukaldari gaztea da, baina dagoeneko ibilbide profesional oparoa egindakoa. Jatetxe handietan trebatu ostean, proiektu egonkorra osatu du. Lan egiteko eta kudeatzeko modu berriak esploratzeko prest da beti. Lavadoren Singular jatetxea eredu aitzindaria da, zentzu guztietan.

Ixak Salaberria
Fagollaga jatetxean Ixakek garatzen duen sukaldaritzak aurreko belaunaldien klasizismo bikaina eta abangoardiako egungo goi mailako sukaldaritza uztartzen ditu. Ixak sukaldaritzaren birtuosoa da eta lana ongi egitean irmoki sinesten du.

Mikel Santamaria
Aquariumeko Bokado jatetxean lan egiten du Mikelek. Jatetxe bikaina da, eta ez bakarrik bere ikuspegi paregabeengatik, baita bertako proposamen gastronomikoengatik ere. Sukaldaritza modernoan zein abangoardiakoan esperientzia luzea du Mikelek, baina baita kalitate ezin hobeko zerbitzuak eskaintzen ere.

Andoni Luis Aduriz
Bi Michelin izarrekin, eragin handieneko munduko sukaldarietako bat da, etorkizuneko joerak aurreratu eta bide berriak zabaltzeko orduan. Hala, bezeroak eta lagunak sukaldaritza gainditzen duten esperientzien bila hurbiltzen dira Mugaritzera.

Josean Eizmendi
Illarra erretegia erreferente bilakatu da parrillarekin lan egiten duten jatetxeen artean. Izan ere, azken urteotan izugarri garatu diren tekniken eskutik, erretegien sektoreak iraultza bizi izan du. Josean teknika berritzaile horien aitzindari da, eta bere ekarpena onartua eta saritua izan da. Sukaldari berritzailea da, irekia, jatunari irakasteko bokazioa duena. Horrez gain, izugarri zorrotza da eskaintzen dituen produktuen kalitatearekin.

71. Donostiako Zinemaldia

Emanaldien historikoa

Boturik gabe
Boturik gabe
Boturik gabe
Boturik gabe
Boturik gabe

Hizkuntzak