Cannesko Zinemaldian Urrezko Palmorria irabazi duen ''The Tree of Life'' eta Berlingo Zine Jaialdian Urrezko Hartza irabazi duen ''Nader and Simin: A Separation'', Donostia Zinemaldiko Zabaltegi-Perlak sailean

Nazioarteko zine jaialdi garrantzitsuetan irabazle izan diren beste pelikula batzuek ere osatuko dute programazioa

Aurten nazioarteko zine jaialdi garrantzitsuetan ikusi ahal izan diren pelikula onenetako batzuen aukeraketa aurkeztuko da 59. Donostia Zinemaldiko Zabaltegi-Perlak sailean. Hauek dira Publikoaren Saria irabazteko lehiarako onartu diren lehenengo filmak:


Aurtengo Canneseko Jaialdian Urrezko Palmorria irabazi duen pelikulak irekiko du saila: THE TREE OF LIFEk (Terrence Malick). Giza existentziaren zentzuari buruzko gogoeta poetiko eta pertsonala da, Brad Pittek eta Sean Pennek interpretatua. Terrence Malickek (Illinois, 1943) bost pelikula bakarrik egin dituen arren, Ameriketako Estatu Batuetako zinemaren historiako kultuzko pertsona da, lehenengo lana egin zuenetik. Badlands (1974) zuen izena eta Donostia Zinemaldian Urrezko Maskorra lortu zuen. Gero, Days of Heaven (1978) filmarekin, Canneseko zinema jaialdian zuzendari onenari saria lortu zuen, eta The Thin Red Line (1999) filmarekin, Berlingo jaialdiko Urrezko Hartza.
 

Irango JODAEIYE NADER AZ SIMIN pelikula (Nader and Simin, A Separation), Asghar Farhadik zuzendua (Khomeinishahr, 1972), aurtengo Berlingo jaialdiko irabazle nagusia izan da. Dibortzio bati eta familiaren banaketari buruzko drama horrek pelikula onenari Urrezko Hartza irabazteaz gain, aktore eta aktoresa onenei zilarrezko hartzak lortu ditu. Kanojo ga kieta hamabe (2009) pelikulak Berlingo zine jaialdian zuzendari onenari Zilarrezko Hartza irabazi zuenean egin zen ezagun Asghar Farhadi. Aurreko lanekin, Raghs dar ghobar (2003) eta Chaharshanbe-soori (2006), Mosku eta Locarnoko zine jaialdietan lehiatu zen, hurrenez hurren.
 

Frantziazko THE ARTIST filma aurtengo Canneseko jaialdiko ezustekorik atseginenetakoa izan da, eta Jean Dujardin protagonistak aktore onenari saria eskuratu du. Michel Hazanaviciusek zuzendu du filma. Hogeiko hamarkadako zinemari egindako omenaldi harrigarria da, maitasun istorio samur bat azaltzen duen zuri-beltzezko pelikula mutua. Hazanavicius espioien pelikulen parodiak eginez oso ezagun egin zen Frantzian. Horietan ere Jean Dujardin izan zen protagonista. Ondoko filmez ari gara, besteak beste: OSS 117: Le Caire, nid d'espions (2006) eta OSS 117:Rio ne répond plus (2009).

DRIVE izan da aurtengo Canneseko jaialdiko proposamen iradokitzaileenetarikoa. Film horri esker, Nicolas Winding Refnek zuzendari onenari saria irabazi du. Ryan Gosling da zinema beltzaren tradizio onenaren barruan dagoen thriller estilizatu horren protagonista. Nicolas Winding Refn daniarrak (Kopenhage, 1970) AEBetan egin duen lehenengo pelikula da. Europako zinemaren panoraman kultuzko zuzendaria da, Pusher trilogiari esker. Pusher (1996; Donostia Zinemaldiko Zabaltegi-Zuzendari Berriak sailean lehiatu zen), Pusher 2 (2004) eta Pusher 3 (2005) filmek osatu zuten trilogia. Gainera, Bleeder (1999), Fear X (2003), Bronson (2008) eta Valhalla Rising (2009) pelikulek ere lagundu diote kultuzko izateko bide horretan.

ET MAINTENANT ON VA OÙ? da Nadine Labaki zuzendari libanoarraren pelikula berriena. Berradiskidetzearen aldeko dei burutsu eta dibertigarria, kristau eta musulmanen arteko gatazkan oinarritua. Nadine Labaki aktore eta zuzendaria (Baabda, 1974) bere lehenengo filma izan zen Sukkar banat-i esker (Caramel, 2007) egin zen nazioartean ezagun. 55. Donostia Zinemaldiko Zabaltegi-Perlak sailean aurkeztu zen film hori, eta Publikoaren saria lortu zuen. Ondoren, Labaki 56. Donostia Zinemaldiko (2008) Sail Ofizialeko epaimahaikide izan zen.
 

LE HAVRE da Aki Kaurismäki maisu finlandiarraren lan berriena. Filmak nazioarteko kritikaren FIPRESCI saria lortu zuen Canneseko jaialdian. Lan horretan, zuzendariak bere fabula proletario tragikomikoetako bat kontatu du. Kaurismäki (Orimattila, 1957) gaur egungo zinemagintzako zuzendari garrantzitsuentzat jotzen da eta bere pelikulak beti izaten dira nazioarteko jaialdi garrantzitsuenetan. Bere filmografiako pelikula garrantzitsuenak, adibidez Ariel (1988), Tulitikkutehtaan tyttö (1990), Kauas pilvet karkaavat (1996) eta Mies vailla menneisyyttä (2002) klasiko modernoak dira.
 

Zabaltegi-Perlak sailean egongo den AEBetako beste ekoizpenetako bat MARTHA MARCY MAY MARLENE da, sekta batean harrapatutako gazte bati buruzko drama gogoetagarria, Sean Durkinek zuzendua eta Elizabeth Olsen protagonista nagusi duena. Durkinen lehenengo film luzea da, eta zuzendari onenari saria lortu zuen Sundanceko lehiaketa nazionalean. Canneseko aurtengo jaialdiko Un Certain Regard sailean ere lehiatu da, eta Regard Jeune saria eskuratu du.

PINA Wim Wenders zinemagile alemaniar ospetsuaren lan berria da, hiru dimentsiotako zineman egin duen lehen lana. Pina Bausch dantzari handiari eta haren koreografia liluragarriei buruzko dokumental ikusgarria da. Wenders Alemaniako zinemako izen ospetsu bilakatu da, Alice in den Stätden (1974), Im Lauf der Zeit (1976), Der amerikanische Freund (1977), Paris-Texas (1984) eta Der Himmel über Berlin (1987) pelikula ahaztezinei esker. Pina aurtengo Berlingo jaialdian aurkeztu du eta dokumental onenari saria lortu du Alemaniako zinemaren urteko sarietan.
 

TYRANNOSAUR Britainia Handian eginda dago eta Paddy Considine aktoreak zuzendari gisa egin duen lehen lana da. Peter Mullan eta Olivia Colman aktoreak protagonista direla, Tyrannosaur Britainia Handiko zinema errealistako tradizio onenaren barruan kokatutako filma da, gizon alkoholiko baten eta tratu txarren biktima den emakume baten adiskidantzari buruzkoa. Paddy Considinek (Burton-on-Trent, 1974) aktore ibilbide sendoa egin du, besteak beste ondoko pelikuletan: 24 Hour Party People (2002), In America (2003), Cinderella Man2005), Bosque de Sombras (2006) eta Submarinen (2010). Azkeneko Sundanceko jaialdian, Tyrannosaur filmak zuzendari onenari saria lortu du nazioarteko lehiaketan, baita bi protagonistentzako Epaimahaiaren Sari Berezia ere.

71. Donostiako Zinemaldia

Emanaldien historikoa

Boturik gabe
Boturik gabe
Boturik gabe
Boturik gabe
Boturik gabe

Hizkuntzak