Enrique Urbizu, Isaki Lacuesta eta Benito Zambrano Donostiako Sail Ofizialean lehiatuko dira

Beste bi film espainiarrek Sail Ofizialean hartuko dute parte lehiaketatik kanpo, hiru filmek Zabaltegi-Zuzendari Berriak sailean eta beste zazpi Zabaltegi Bereziak sailean aurkeztuko dira

Donostiako Zinemaldiko 59. edizioaren programazioaren barruan, Sail Ofizialean eta Zabaltegin, hamabost pelikula espainiar ikusi ahal izango dira. Multzo honetan, zinemagile ezagunen lanak eta egile gazteen lanak lehiatuko dira. Film hauetako hiru Urrezko Maskorra lortzeko borrokatuko dira eta beste hiru Kutxa-Zuzendari Berriak Saria irabazteko lehian sartuko dira, eta gainerakoak lehiaketatik kanpo aurkeztuko dira.

SAIL OFIZIALA

NO HABRA PAZ PARA LOS MALVADOS Enrique Urbizuren film berria da. Jose Coronado, Rodolfo Sancho, Helena Miquel eta Juanjo Artero dira protagonistak thriller honetan eta zine beltzaren osagaiez josia dago. Enrique Urbizu (Bilbo, 1962) ustekabe handia izan zen Espainiako zinemarentzat Todo por la pasta (1991) filmarekin, generoko zinemarekiko zuen pasioa argi utzi baitzuen, Cachito (1996) eta Cognac-eko Polizia-Zinemaldian lau sari irabazi zituen La caja 507 (2002) pelikuletan berriro ere erakutsi zuen bezala. Bestalde, La vida mancha (2003) dramarekin Malagako Espainiar Zinemaldian lehiatu zen eta Nanteseko Espainiar Zinemaldiko film onenaren saria jaso zuen.

LOS PASOS DOBLES pelikulak Isaki Lacuestaren itzulera dakar Zinemaldiko Sail Ofizialera 57. edizioan Los condenados(2009) filmarekin lehiatu ondoren. Orduan FIPRESCIren kritika saria erdietsi zuen. Lan berri honetan François Augieras margolari eta idazle frantziarraren nobela-biografian oinarritutako fikzioa aurkeztuko du zinemagileak. Artistak margolanez bete zuen bunker militar bat desertuan eta harean hondoratzen utzi zuen XXI. mende arte inork aurki ez zezan. Bunkerraren bilaketak mitoa areagotzen jarraitu du… Nor da Augieras? Legionarioa, margolaria, idazlea, gangsterra, santua, lapurra, deabrua ala horien denen arteko nahasketa bat?
 

LA VOZ DORMIDA Dulce Chaconen izen bereko eleberri baten egokitzapena da eta Benito Zambranok zuzendu du eta Inma Cuesta, Maria Leon, Marc Clotet eta Daniel Holguin dira protagonista. Espainiako Gerra Zibilaren ondorengo urte latzetan girotua, filmak gartzelan dagoen emakume baten eta bere ahiparen, eta baita maite dituzten gizonen, orain gerrilari klandestino bihurturikoen, historia hunkigarria kontatzen du. Benito Zambrano (Lebrija, 1962) Espainiako zinemaren ezusteko handienetariko bat izan zen Solas (1999) opera primari esker eta nazioarteko hainbat zinemalditan saritua izan zen: Berlingo Zinemaldiko "Panorama" sailean, Bruselako Zinemaldian FIPRESCI saria jaso zuen, baita Cartagenan, Habanan eta Tokion ere beste hainbat sari jaso ere. Gainera, filmak bost Goya sari, Zinema Idazleen Elkarteko zazpi sari eta Zilarrezko Fotogramak saria ere lortu zituen. Horren ostean, Zambranok Padre Coraje (2002) telesaila eta Habana Blues (2005) filma zuzendu zituen.

Asier Altunaren BERTSOLARI filma Sail Ofizialean aurkeztuko da, lehiaketatik kanpo. Dokumental honek Euskal Herriko bertsolari ospetsuenganahurbilduko gaitu, ahozko poesiaren arte konplexu honen sekretuetan barneratzeko. Asier Altuna (Bergara, 1969) film laburretan nabarmendu zen eta haietako hainbatek sariak jaso dituzte: Txotx (1997), Topeka (2004) edo Sarean (2006).Film luzeetan, berriz, Donostiako Zinemaldiko 53. Edizioko Zabaltegi-Zuzendari Berriak sailean lehiatuta Gazteen Saria jaso zuen Aupa Etxebeste! (2005) filmarekin egin zuen debuta.

Aurretik iragarri zenez, inaugurazio ekitaldian INTRUDERS filmaren premiere-a izango da. Juan Carlos Fresnadillok zuzendutako thriller fantastiko honetan nazioarteko aktoreek hartu dute parte, Clive Owenek, Carice van Houtenek, Daniel Brühlek, Pilar López de Ayalak eta Kerry Foxek hain zuzen ere. Filma Sail Ofizialean aurkeztuko da, hau ere lehiaketatik kanpo.
ZABALTEGI-ZUZENDARI BERRIAK
 

ARRUGAS, Ignacio Ferrerasek zuzendua, Paco Rocaren izen bereko nobela grafikoaren egokitzapen bat da, 2008ko Komiki Sari Nazionala lortzeko baliogarria izan zitzaiona, alegia. Marrazki bizidunetako lan honek hirugarren adineko zaharren egoitza batean bizi diren adineko talde baten ilusioak, sentimenduak eta frustrazioak deskribatzen ditu. Ignacio Ferrerasek ibilbide oparoa dauka marrazki bizidunetako alorrean, Rugrats saioaren eta Astérix et les vikings (Asterix eta los bikingoak, 2006) filmaren Arte Sailean lan egin baitzuen; Dreamworks-en Joseph King of Dreams (2000) marrazki bizidunetako pelikulan ere eta baita Oscar sarietara izendatutako L`illusionniste-n (2010) ere. How to Cope with Death (2002) bere film laburrak nazioarteko hainbat zinemalditako sariak jaso ditu, Annecy, Melbourne eta Ottawa-koak, beste batzuen artean.

TRALAS LUCES Sandra Sanchezek zuzendutako film dokumentala da. Bertan, autotxoke pistarekin, Espainiako iparraldeko ferietan barrena familiarekin ibiltzen den Lourdesen bizitza nomada kontatzen da. Sandra Sanchezek (Narón, 1970) Aguiño, sobrevivir al Prestige (2003) eta Sueños desde el abismo (2006) dokumentalak muntatu eta ekoitzi ditu. TVGrentzat hainbat film labur eta telesail ekoizteaz gain, hainbat fikziozko film eta dokumental ere muntatu ditu. Tralas lucesekin film luzeetan egin du debuta.

URTE BERRI ON, AMONA! Telmo Esnalen bakarkako lehen film luzea da. Lan honek emaztearen ama edadetuaren kargu egin behar duten senar-emazte batzuen zoritxarra kontatzen du, umore beltzezko ukituekin. Filmean Joxean Bengoetxea, Nagore Aranburu eta Montserrat Carulla dira protagonista. Telmo Esnalek (Zarautz, 1967), Txotx (1997) eta 40 ezetz (1999) film laburrak eta Aupa Extebeste! (2005) film luzea zuzendu ditu Asier Altunarekin batera. Taxi! (2007) eta Amona putz! (2010) film laburren egilea ere bada.
ZABALTEGI-BEREZIAK

14 D’ABRIL: MACIÀ CONTRA COMPANYS Manuel Huergaren lan berria da. Toni Solerren gidoiarekin, Pere Ponce, Fermí Reixach, Eduard Fernández eta Joel Joan dira protagonista. Filmean Errepublikaren aldarrikatzea Bartzelonan birsortzen da eta Francesc Macià eta Lluís Companys Errepublikako Kataluniako Generalitateko bi presidenteen arteko lehia politikoa islatzen du. Manuel Huergak (Barcelona, 1957) ibilbide luzea dauka zinema eta telebista zuzendari gisa eta Gaudí (1989), Antártida (1995), Salvador (Puig Antich) (2006) edota Diario de un astronauta (2009) filmak egin ditu.

Eterio Ortegak zuzendutako AL FINAL DEL TÚNEL film luze dokumentala, Elias Querejetaren ideia bat oinarri hartuta eta IDEM4k ekoitzia, ETAren terrorismoaren amaierara hurbiltzen da; horretarako, euskal abertzaletasunaren erroak ikertuko ditu eta, bakean eta askatasunean oinarritutako etorkizunerako une estrategiko batean, euskal gizartearen zati horren erretratu kolektiboa egiten du. Eterio Ortega (Burgos, 1962) gai honen beraren inguruan aritu izan da orain arte Asesinato en febrero (2001) eta Perseguidos (2004) lanekin.
 

EL CUADERNO DE BARRO Isaki Lacuestak Miquel Barcelo margolariaren laguntzarekin egindako dokumentala da. Artistak garai luzeak ematen ditu Afrikan eta termita zein eskorpioien tartean margotzen ohitu da, hala, inguru basati batera egokituz. Lacuesta Barceloren tailer afrikarrean barneratu eta Gogoli (Mali) herrian antzeztutako “Pasodoble” performance-a grabatu du. Pelikularen lan-taldea heldu izanak hankaz gora jarriko du herrixka eta bertako biztanleengan jakin-mina piztuko du.
 

EXTRATERRESTRE Nacho Vigalondo zuzendariaren lan berria da eta ikusmin handia sortu du. Komedia erromantiko originala eta ezustekoz betetakoa da, eta Alien batzuen inbasioa ere kontatuko du. Filmean Julian Villagran, Michelle Jenner, Carlos Areces eta Raul Cimas dira protagonista. Nacho Vigalondo (Cabezon de la Sal, 1977) ospetsu egin zen bere 7:35 de la mañana film laburra Hollywoodeko Akademiako Oscar sarietarako proposatu zutenean. Los cronocrímenes (2007) bere lehen lan luzeak Austinen, Amsterdamen, Gerardmeren eta Filadelfian jaso zituen sariak eta bai Zinema Idazleen Elkarteko Film Berri Onenaren saria ere.

MADRID, 1987 David Truebaren lan berria da. Espainiako trantsizioko deskribapen bat egiten da, idazle heldu eta ezkor eta bera elkarrizketatzen saiatuko den ikasle baten artean sortzen den harremanaren bidez. Jose Sacristan eta Maria Valverde dira film honetako protagonistak. David Trueba (Madril, 1969) zuzendari eta idazleak 1996an egin zuen debuta La buena vida filmarekin. Honen atzetik, Obra maestra (2000), Soldados de Salamina (2003), Bienvenido a casa (2006) eta Donostiako Zinemaldiko 54. edizioan aurkeztu zuen La silla de Fernando (2006) dokumentala etorri ziren ondoren.
 

PUZZLED LOVE, ESCACen (Kataluniako Zinema eta Ikus-Entzunezko Goi Eskola) proposamen harrigarri bat da, Escandalo Films produkzio-etxearen bitartez egina: Bikote baten arteko istorioa da, 4. mailako ikasleek idatzitako eta zuzendutako hamahiru kapitulutan kontatua. Gure zineman etorkizun oparoa izango duten hamahiru ikasleren begiekin ikusitako kontakizuna da, umorez eta erromantizismoz beterikoa.
 

VERBO Eduardo Chapero-Jacksonen lehen film luzea da. Pelikula honetan fantasiak eta rap musikak bat egingo dute dimentsio berri batera doan nerabe baten hastapen bidaia kontatzeko. Alba García da film honetako protagonista eta berarekin batera Miguel Ángel Silvestre, Verónica Echegui, Najwa Nimri, Víctor Clavijo eta Macarena Gómez aritu dira. Chapero-Jackson (Madrid, 1971) sariak jaso dituzten honako film labur hauekin nabarmendu da: Contracuerpo (2005), Alumbramiento (2007) eta The End (2009).

71. Donostiako Zinemaldia

Emanaldien historikoa

Boturik gabe
Boturik gabe
Boturik gabe
Boturik gabe
Boturik gabe

Hizkuntzak