François Dupeyron, Fernando Eimbcke, Roger Michell, Mariana Rondón, Bertrand Tavernier eta Jonathan Teplitzky lehiatuko dira Donostia Zinemaldiaren 61. edizioko Sail Ofizialean

Aurten ere mundu osoko zinemagile garrantzitsuak lehiatuko dira Urrezko Maskorra lortzeko irailaren 20tik 28ra egingo den Donostia Zinemaldiaren edizio berrian. Datozen asteetan jakinaraziko ditugu Sail Ofiziala osatuko duten gainerako filmen izenak.


Club Sándwich
Fernando Eimbcke (Mexiko)

Fernando Eimbcke mexikarrak hirugarren filma estreinatuko du Donostian. Palomak eta bere hamabost urteko seme Héctorrek oso harreman handia eta berezia dute. Kostaldean oporretan daudela, Héctorrek Jazmín nerabea ezagutuko du, eta maitasunaren eta sexuaren lehen izpiak biziko ditu. Palomak gertu eduki nahi du Héctor, eta gaizki pasatuko du; izan ere, onartu beharko du semea hazten ari dela, ez dela gehiago seme bera, eta lagun mina izateari utziko diola.


Mon âme par toi guérie
François Dupeyron (Frantzia)

C'est quoi la vie? filmarekin Urrezko Maskorra irabazi eta hamalau urte igaro ondoren, François Dupeyron berriro itzuliko da Donostiara. Frédi, filmeko protagonista, ohartuko da ama zenak sendatzeko boterea transmititu diola. Hasieran, erabat errefusatuko du, zoritxarrekoa baita; baina, istripu batek dena aldatuko du. Ezinbestean onartu beharko du bere eskuek sendatzeko gaitasuna daukatela.


Pelo Malo
Mariana Rondón (Venezuela)

Mariana Rondón zinemagile eta artista plastikoaren hirugarren filmaren protagonista Junior da, «ile aldrebesa» duen 9 urteko mutikoa. Eskolako argazkia ateratzeko, ilea lisatu nahi du, eta modu honetan modan dagoen kantari baten itxura izan. Egoera honek baina, Marta, bere amarekin liskarra sortuko du. Bitartean Juniorrek bere burua ederra ikusi nahi du amak maite dezan, amak geroago eta gehiago arbuiatuko du. Azkenean oso mingarria den erabakia hartzera behartua aurkituko da.


Quai d'Orsay
Bertrand Tavernier (Frantzia)

Bertrand Tavernier Frantziako zinema garaikideko maisu handienetako bat da, eta film berrian Lanzac & Blain komikigileen izen bereko obra egokitu du. Satira politiko bat da, eta Frantziako Atzerri Arazoetako ministro Alexandre Taillard de Vorms du protagonista; hain zuzen ere, boteretsuekin tratatzeko, kargudun garrantzitsuei bakea ekartzeko, tiroak aise botatzen dituztenak lasaitzeko eta Bakearen Nobel Sarirako hautagaitza indartzeko beti prest dagoen gizona. Aktore bikainek hartu dute parte filmean, besteak beste: Thierry Lhermitte, Raphaël Personnaz, Niels Arestrup, Anaïs Demoustier, Julie Gayet, Joséphine de La Baume eta Jane Birkin.


The Railway Man
Jonathan Teplitzky (Erresuma Batua-Australia)

Film honek Colin Firth, Nicole Kidman, Jeremy Irvine eta Stellan Skarsgård ditu protagonista, eta egiazko istorio batean dago oinarrituta; txiki txikitatik trenekin liluratuta zegoen Eric Lomax ofizial britainiarraren bizitzan, hain zuzen. II. Mundu Gerran zehar japoniarrek harrapatu egin zuten, eta lan-esparru batera bidali zuten, Birmania eta Tailandia artean kokaturiko trenbide batean. Han, berak eta bere kideek baldintza oso gogorretan bizi behar izan zuten, eta beren atzemaileen torturak jasan. Hainbat hamarkada geroago, Lomax Ingalaterra iparraldera joango da bizitzera emazte Patriziarekin. Han, erretiratuta dagoela, trenegatik duen pasioan murgilduta, bere sufrimenduaren errudun izandako soldadu japoniarrak bizirik jarraitzen duela jakingo du...


Le Week-end
Roger Michell (Erresuma Batua)

Roger Michellen (Notting Hill, Eduring Love) film berriak Nick eta Meg ditu protagonista. Britainia Handiko bi irakasle Parisera bueltatuko dira, eztei-bidaia egin eta handik urte askora, beren arteko harremana biziberritzeko. Megek uste du bizitza hobea merezi duela; baina, bere senar Nick ondoan izan ezean, ez da seguru eta babestuta sentitzen. Jim Broadbent, Lindsay Duncan eta Jeff Goldblum dira protagonistak.

 

71. Donostiako Zinemaldia

Datozen filmak

La tierra prometida (The Bastard) (Bastarden) (J.B.G.A.)
Ostirala, 2024, Maiatza 3 - 20:00
Boturik gabe

Emanaldien historikoa

Boturik gabe
Boturik gabe
Boturik gabe
Boturik gabe
Boturik gabe

Hizkuntzak