Hamabost film lehiatuko dira Kutxa-Zuzendari Berriak Saria eskuratzeko

Donostia Zinemaldiaren 59. edizioko Zabaltegi-Zuzendari Berriak sailean, besteak beste, Islandiako, Japoniako, Israelgo, Alemaniako, Hego Koreako, Txileko, Estatu Batuetako, Austriako eta Erresuma Batuko filmak izango dira, baita aurretik adierazi genituen Espainiako hiru film ere: Arrugas (Ignacio Ferreras), Tralas luces (Sandra Sánchez) eta Urte berri on, amona! (Telmo Esnal). Guztiak ere Kutxa-Zuzendari Berriak saria eskuratzeko lehiatuko dira, Sail Ofizialeko beste hiru filmekin batera: Mathieu Demy zuzendariaren Americano (Frantzia), Oren Moverman zuzendariaren Rampart (AEB), eta Sarah Polley zinemagilearen Take This Waltz (Kanada).

 

Á ANNAN VEG (EITHER WAY) Islandian eta Britainia Handian ekoitzia da, eta Hafsteinn Gunnar Sigurðsson da zuzendaria. Komedia dramatiko honek bi gazteren arteko harreman bitxia kontatzen du; itxuraz sekula inor ibiltzen ez den errepideak margotzen dituzte gazteok. Hafsteinn Gunnar Sigurðsson zuzendariaren lehendabiziko lana da; aurretik, Columbiako Unibertsitateko zinema-jaialdian saritu zuten Skröltormar film laburragatik.
 
 

EMEK TIFERET (A BEAUTIFUL VALLEY) Hadar Friedlich zuzendariaren lana Israelen eta Frantzian ekoitzita dago. Denboraren joana hausnartzen duen film honek, adineko emakume baten istorioa kontatzen du. Protagonistak ikusiko du beti bizi izan den kibbutz hori oso bestelako errealitate bilakatu dela. Hadar Friedlich zinemagileak Ta’anit dibbur (1996), Anashim (1998) eta Shiur Moledet: Avdei Hashem (2003) film laburrak zuzendu ditu aurretik.
 
 

ENDING NOTE (DEATH OF A JAPANESE SALESMAN) Japonian ekoitzia da, eta Mami Sunada zinemagileak zuzendua. Dokumental lazgarri honek zuzendariaren aitaren bizitzako azken hilabeteak kontatzen ditu, minbizi sendaezin bat diagnostikatu ostean. Filma zuzendariaren aitak berak idatzitako egunkarian oinarrituta dago. Mami Sunadak Hirokazu Kore-eda zuzendariarekin kolaboratu du Aruitemo, Aruitemo (Still Walking, 2008) lana ekoizteko laguntzaile gisa, baita zuzendari-laguntzaile gisa ere Kûki ningyô (Air Doll, 2009) pelikulan.
 
 

HIUNG-THU (SCARS) LIM Woo-seong zuzendari hego-korearraren bigarren filma da; senar desleiala duen emakumezko baten arazo afektiboetara egindako gerturatze sotila, hain zuzen. LIM Woo-seong zinemagilearen lehendabiziko lana, Chaesikjuuija (Vegetarian, 2009), Sundance zinema-jaialdian lehiatu zen.
 
 

THE RIVER USED TO BE A MAN (DER FLUSS WAR EINST EIN MENSCH) Alemanian ekoitzia da, eta Jan Zabeil da zuzendaria. Abentura-zinemaren obra honek Afrika aldean galdurik dabilen gazte alemaniar baten istorioa kontatzen du. Jan Zabeilek L.H.O (2007) eta Was weiß der Tropfen davo (2007) film laburrekin hainbat sari jaso ditu  zinema-jaialdi nazional eta nazioartekoetan ere. The River used to Be a Man (Der Fluss War Einst Ein Mensch) zuzendariaren lehen film luzea da.
 
 

SENTADOS FRENTE AL FUEGO, Alejandro Fernández Almendras zinemagilearen lana, Txilen eta Alemanian ekoitzia da. Filmak gizon baten eta gaitz terminal batek jotako emakume baten arteko maitasun-istorio hunkigarria kontatzen du. Film honek Toulouseko Rencontres Cinéma d’Amérique topaldietako Zinema Eraikitzen sailean parte hartu zuen 2011n, eta Berlineko zinema-jaialdiko World Cinema Fund eta Suitzako Visions Sud Est funtsen laguntza jaso du. Alejandro Fernández Almendras zuzendariaren lehendabiziko filma Huacho izan zen (2009). Canneseko zinema-jaialdiko Kritikaren Astean eta 57. Donostia Zinemaldiko Horizontes Latinos sailean parte hartu zuen film horrek. Ondoren, hainbat nazioarteko jaialditan aurkeztu eta saritu zuten.
 
 

SILVER TONGUES Estatu Batuetan ekoitzia da, eta Simon Arthur da zuzendaria. Kontakizun arduragarri honetan, bikote bat joko ilun batean buru-belarri ikusiko dugu; parean ipintzen zaizkien pertsonak suntsitzeko joko ilunean, hain justu. Simor Arthurrek zuzendutako lehen filma da. Aurretik, argudio bereko Silver Tongues (2007) film laburra ere egin zuen, baita Rebel Song (2007) izeneko beste bat ere.
 
 

STILLEBEN Austrian ekoitzia da, eta Sebastian Meise du zuzendari. Familia baten hondamendia kontatzen du, Bernhard semearen aurkikuntza arduragarria baliatuta. Bere aitak "Lydia" izenez deituko ditu prostitutak; bere arrebaren izen berberarekin, hain zuzen. Sebastian Meisek aurretik Prises de vues (2003), Random (2005) eta Dämonen (2006) film laburrak zuzendu ditu.
 
 

WILD BILL Dexter Fletcher zinemagileak zuzendutakoa. Preso bat bere auzora iritsiko da baldintzapeko askatasunarekin, eta bere semeen kargu egiteko zer-nolako zoritxarrak bizi dituen kontatuko digu. Film, independiente eta Britainiar hau Dexter Fletcher aktoreak (Londres, 1966) zuzendutako lehendabizikoa da. Hainbat filmetan parte hartu du Fletcherrek; konparazio batera, The Elephant Man (1980), The Long Good Friday (1980), Revolution (1985), Caravaggio (1986), Lock, Stock and Two Smoking Barrels (1998) eta Layer Cake (2004) filmetan, baita Band of Brothers (2001) telesailean ere.

71. Donostiako Zinemaldia

Emanaldien historikoa

Boturik gabe
Boturik gabe
Boturik gabe
Boturik gabe
Boturik gabe

Hizkuntzak