Hamahiru film lehiatuko dira Donostia Zinemaldiko Horizontes Latinos sailean

Mexikoko ''Miss Bala'' filmak estreinatuko du saila

Donostia Zinemaldiaren 59. edizioko Horizontes Latinos saileko programazioan Argentinako, Mexikoko, Txileko, Ekuadorreko, Brasileko, Uruguaiko eta Kolonbiako hamahiru film emango dituzte. Guztiak ere Horizontes saria eskuratzeko lehiatuko dira.

 

ABRIR PUERTAS Y VENTANAS Milagros Mumenthaler zuzendari argentinarraren lehendabiziko lana da; amona hil eta gero, haren etxean bizi diren hiru ahizparen eguneroko bizimodua modu sotilean deskribatzen du. Milagros Mumenthaler (Kordoba, 1977) zuzendariak 2000n filmatu zuen lehendabiziko film laburra: ¿Cuándo llegará papá?. Haren ostean, El patio (2003), Cape Cod (2003) eta Amancay (2005) egin zituen. Lehendabiziko film luze hau Canneseko zinema-jaialdiaren Cinéfondation programaren laguntzarekin egina da, eta Locarnoko zinema-jaialdiko Urrezko Lehoinabarra lortu du.
 

LAS ACACIAS, Pablo Giorgelli. Espainiak eta Argentinak elkarrekin ekoitzia da, eta Canneseko zinema-jaialdiaren azken edizioan Urrezko Kamera saria (opera prima onena) eskuratu zuen. Zintak kamioi gidari eta emakume baten arteko harremana kontatzen du. Kamioi gidariak emakumea eta bere haurra Asuncionetik Buenos Airesera eraman behar ditu kargaren parte balira bezala. Pablo Giorgellik egindako lehendabiziko film luzea da; zinemagintzan muntatzaile gisa hasi zen Giorgelli, eta aurretik El último sueño (1993) film laburra egin zuen.
 

ANÓNIMO Txilen ekoitzia da, eta Renato Pérezek zuzendua. Iragan iluneko gizonezko batek bere etxe-jabearen alaba nerabearekin harreman berezia hasiko du. Santiagoko Universidad del Desarrollo unibertsitateko ikus-entzunezko ikastegiak ekoitzitako lehendabiziko filma da, baita Renato Pérez errealizadore gaztearen lehendabiziko obra ere (Txileko Santiago, 1987).
 

ASALTO AL CINE Mexikon ekoitzia da, eta Iria Gómez Concheirok zuzenduta dago. Toulouseko Rencontres Cinéma d’Amérique topaldietako Zinema Eraikitzen saileko CineCinéma saria eskuratu zuen, eta, ondoren, Donostia Zinemaldiko 58. edizioko Amerika Etxearen saria. Horren ostean, Sundanceko zinema-jaialdian lehiatu zen, eta Guadalajarako zinema-jaialdian opera prima onenaren saria eskuratu zuen. Iria Gómez Concheiroren (Mexiko Hiria, 1979) lehen film luzea zinema-areto bat atrakatzea erabakitzen duten lau neraberi buruzko drama da. Aurretik Dime lo que sientes (2004) film laburra egin zuen, eta fikziozko film labur onenari emandako Ariel saria eskuratu zuen.
 

BONSÁI Christian Jiménez zuzendari txiletarraren bigarren filma da. Bi gazteren arteko maitasun-istorio tragikomiko hau liburuen, literatur zinten, topaketen eta ika-miken artean igaroko da. Christian Jiménezek (Valdivia, 1975) Toulouseko Rencontres Cinéma d’Amérique topaldietako Zinema Eraikitzen saria irabazi du, eta Canneseko zinema-jaialdiko Un Certain Regard sailean lehiatu da. Bere lehendabiziko film luzea, Ilusiones ópticas (2008), Toulouseko Rencontres Cinéma d’Amérique topaldietako zein Donostia Zinemaldiko Zinema Eraikitzen sarietarako aukeratu zuten 2008an, baita Donostia Zinemaldiaren Horizontes Latinos sailerako ere 2009an.
 

ENTRE LA NOCHE Y EL DÍA Mexikon ekoitzia da, eta Bernardo Arellanok zuzendua. Familiaren jazarpenaz ihesi, naturan babesa aurkitzen duen gizon autista eta bakarti baten bizimodua kontatzen du. Film honek 58. Donostia Zinemaldiko Zinema Eraikitzen saileko Industriaren saria eskuratu zuen, ondoren, Guadalajarako zinema-jaialdian lehiatu zen eta Guanajuatoko zinema-jaialdian opera prima mexikar onenari saria lortu zuen. Bernardo Arellanok (Mexiko Hiria, 1981) aurretik La unión (2008) filma eta Zoogocho (2008) film laburra zuzendu zituen.
 

HISTORIAS QUE SÓ EXISTEM QUANDO LEMBRADAS Brasilen ekoitzia da, eta Julia Murat zinemagileak zuzendua. Herri fantasma bateko misterioak argitu nahian dabilen gazte baten istorioa kontatzen du; herri horretako biztanleak betiereko errutinei lotuta biziko dira. Film honek Toulouseko Rencontres Cinéma d’Amérique topaldietako Zinema Eraikitzen sailean parte hartu zuen, eta aipamen berezia lortu zuen, baita Cine + saria ere. Era berean, Veneziako hurrengo zinema-jaialdiko Giornate degli Autori/Venice Days sailean eta Torontoko zinema-jaialdiko Discovery sailean parte hartuko du. Julia Muratek zuzendutako lehendabiziko film luzea da; aurretik, Pendular (2009) film laburra eta Dia dos pais (2008) dokumentala zuzendu zituen.
 

GIRIMUNHO (REMOLINO) Espainiak eta Brasilek elkarrekin ekoitzia da, Clarissa Campolina eta Helvecio Marins Jr.-ek zuzendua. Emakume zahar bat alargun geratuko da, eta herrixka txiki batean bizitzari aurre egin beharko dio, bere bilobaren konpainia baino ez duela. Film honek hurrengo Veneziako zinema-jaialdiko Orizzonti sailean parte hartuko du. Clarissa Campolinak aurretik Notas flanantes (2009) dokumentala zuzendu du; Helvecio Marins Jr zinemagileak, berriz, Nascente (2005) film laburra eta Dessassosego (Filme das Maravilhas, 2010) film kolektiboaren atal bat.
 

MISS BALA, Mexikon ekoitzia da, eta Gerardo Naranjok zuzendua. Canneseko azkeneko zinema-jaialdiko Un Certain Regard sailean parte hartu zuen. Edertasun-lehiaketa batean miss izateko hautagai bat banda kriminalen gerra batean nahasirik ikusiko dugu. Gerardo Naranjok (Mexiko Hiria, 1971) Malachance (2004), Drama/Mex (2006) eta Voy a explotar (2008) filmak zuzendu ditu. Azken horrek Tesalonikako zinema-jaialdiko FIPRESCI saria eskuratu zuen, baita Guadalajarako zinema-jaialdiko hiru sari ere.
 

PESCADOR Sebastián Cordero zinemagile ekuatortarraren laugarren filma da. Ustekabean kokaina kargamendu bat topatu ostean, bat-batean narkotrafikatzaile bilakatutako arrantzale baten istorioa kontatzen du. Sebastián Cordero (Quito, 1972). Venezian, Cannesen eta nazioarteko beste hainbat zinema-jaialditan parte hartu du aurretik egindako filmekin. Esaterako, Ratas, ratones, rateros (1999) eta Crónicas (2004); azken horrek Donostia Zinemaldiko Horizontes Latinos sailean parte hartu zuen, bai eta epaimahaiaren Aipamen Berezia lortu ere. Era berean, Rabia (2009) ere filmatu zuen, eta hainbat sari eskuratu zituen Tokion, Guadalajaran, Malagan eta beste hainbat jaialditan. Sebastián Cordero 58. Donostia Zinemaldiko Horizontes sariaren epaimahaiko presidente izan zen.
 

PORFIRIO koprodukzioa Alejandro Landes zinemagile kolonbiar-ekuatoriarrak zuzendua da, eta arrakasta handiz aurkeztu zuen Canneseko zinema-jaialdiko Errealizadoreen Hamabostaldian. Errealitateari begiratuta eta tonu poetikoz egindako filma da, eta Kolonbiako gatazkaren eraginez elbarri geratutako gizon baten istorioa kontatzen du. Estatu burokratikoak entzungor egiten diola ikusirik, zigorra berak ezartzea erabakiko du, oso ohikoak ez diren bideak baliatuta. Alejandro Landes zuzendariak Cocalero filma egin zuen lehendabizikoz, eta Sundance zinema-jaialdian estreinatu zuten.
 

TODOS TUS MUERTOS Kolonbian ekoitzia da, eta Carlos Moreno da zuzendaria. Donostia Zinemaldiaren 58. edizioko Zinema Eraikitzen sailean parte hartu zuen. Ondoren, Sundanceko eta Rotterdameko zinema-jaialdietan ere parte hartu zuen. Film eldarniagarri honetan, nekazari batek bere lurretan milaka hilotz aurkituko ditu. Carlos Moreno bere lehendabiziko obrarekin nabarmendu zuten: Perro come perro. Film horrek Sundanceko zinema-jaialdian parte hartu zuen eta Guadalajarako eta Huelvako jaialdietan saritu zuten. Horrez gain, 56. Donostia Zinemaldiko Horizontes Latinos sailean ere parte hartu zuen.
 

ULISES Txilen eta Argentinan ekoitzia da, eta emigrante perutar batek Txilen bizi dituen gorabeherak kontatzen ditu. Óscar Godoy zuzendariaren lehendabiziko obra da, eta mundu mailako  estreinaldia San Frantziskoko Nazioarteko zinema-jaialdian izan zuen.
 

71. Donostiako Zinemaldia

Emanaldien historikoa

Boturik gabe
Boturik gabe
Boturik gabe
Boturik gabe
Boturik gabe

Hizkuntzak