Hamasei film lehiatuko dira Kutxa-Zuzendari Berriak saria eskuratzeko

Gaur aurkeztu da Kutxa-Zuzendari Berriak saila osatuko duten film sorta. Hainbat eta hainbat herrialdeetako zinemagileen belaunaldi berriek zuzendutako hamasei lehen eta bigarren pelikula aurkeztuko dira: Ameriketako Estatu Batuak, Israel, Frantzia, Turkia, Lituania, Costa Rica, Grezia, Mexiko, Txina, Islandia, Ukraina, Errumania, Holanda eta Belgika. Duela aste batzuk jakinarazi zen bezala, filmetako bat Espainian egindakoa da, eta beste bi ere gure herrialdeekin egindako koprodukzioak dira.

Aukeratutako pelikula guztiak lehiatuko dira Kutxa-Zuzendari Berriak Saria lortzeko. Irabazlea nazioarteko berariazko epaimahai batek aukeratuko du, eta 50.000€ko ordainsaria jasoko du.
 


El árbol magnético
Isabel Ayguavives (Espainia-Txile)

Gazte bat bere sorterrira, Txilera, itzuliko da kanpoan denbora luzea eman ondoren. Txikitan familiak zuen landa-etxea salgai dago, eta tokiari agur esateko bilduko dira guztiak. «Zuhaitz magnetikoa», ezaugarri arraroko herriko bitxikeria bat, bisitatuko du, eta ia ahaztuta zituen sentsazioak eta maitasunak sentituko ditu.

 


CI YAN DE YANG GUANG / The Blinding Sunlight
Yu Liu (Txina)

Oso diru gutxirekin eta gizarte-laguntzen bizkar bizirautera kondenatutako Beijing hegoaldeko familia baten egiazko istorioa da hau.

 

 


Câinele Japonez / Japanese Dog
Tudor Cristian Jurgiu (Errumania)

Zerk aldarazten du bizitza bakarti bat? Emaztea uholde batean hil ondoren alargundutako agure bat eta Japoniara bizitzera joandako semea elkartu egin dira, hogei urte elkar ikusi gabe egon ostean. Asko espero dute topaketa labur horretaz, eta biak saiatuko dira elkarren artean ireki den distantzia gainditzen.

 

 


La Dune
Yossi Aviram (Frantzia-Israel)

Hainbat istripuren eta kasualitateren ondorioz, Hanochek eta Rubenek topo egingo dute, eta bakoitzak bere bizitzako historiaren pasarte bati egin beharko dio aurre, biek ala biek atzean utzi nahi duten pasarte bati.

 

 

 

 

 


LAS HORAS MUERTAS
Aarón Fernández (Mexiko-Frantzia-Espainia)

Aarón Fernándezen bigarren filma koprodukzio hispano-mexikar-frantsesa da, eta Donostia Zinemaldiko 60. edizioko Zinema Eraikitzen Sailean parte hartu zuen. Veracruzko kostaldean, Sebastiánek, 17 urteko gazteak, osabaren motela kudeatu beharko du laguntzarik gabe. Logelak alokatuko ditu orduka. Hala, Miranda ezagutuko du eta sedukzio-joko laburra hasiko dute. Miranda inoiz iristen ez den maitalea itxarotera joan ohi da motelera.


Hross í oss / Of Horses and Men
Benedikt Erlingsson (Islandia-Alemania)

Gizakiak zaldiarengan eta zaldiak gizakiarengan uzten duen arrastoari buruzko kontakizuna. Maitasuna eta heriotza eskutik joango dira, eta ondorio bitxiak ekarriko dituzte. Paisaia honetan bizi diren pertsonen patua, zaldiaren ikuspegitik.

 

 

 

 


Levaya Bazaharaim / Funeral at Noon
Adam Sanderson (Israel)

Hagar Erlich herri txiki batean bizi da, baina atzerritar sentitzen da bertan; ez du bere lekua topatzen herritarren artean, ezta bere ezkonberri bizitzan ere. Bertan behera utzitako herrixka baten hondakinetan aurkituko du bere babesleku sekretua.

 

 

 


Losejas / The Gambler
Ignas Jonynas (LITUANIA-LETONIA)

Vincentas paramedikua da, eta izugarri gustatzen zaio jokoa. Orain, muturreko erabakiak hartu beharko ditu zor duen diru guztia itzultzeko. Egoera horretan, egunero egiten duen lanarekin loturiko legez kanpoko joko bat sortzeko ideia bururatuko zaio. Maitasuna, bizitza eta heriotza jokoan dira.


Luton
MICHALIS KONSTANTATOS (Grezia)

Jimmyk, Maryk eta Makisek oso modu desberdinean bizi dute eguneroko bizitza. Ez dirudi elkarren artean inolako antzekotasunik dutenik, eta egoera arrunt batean, ez ziratekeen inoiz ezagutuko...

 

 

 


Mother of George
Andrew Dosunmu (AEB)

Adenike eta Ayodele nigeriarrak dira, eta Brooklynen bizi dira. Ezkondu ostean arazoak izango dituzte, ezin baitute seme-alabarik eduki. Adenikek erabaki bat hartu behar du, baina ez daki horrekin bere familia salbatu ala suntsitu egingo duen.

 

 

 


POR LAS PLUMAS
NETO VILLALOBOS (Costa Rica)

Chalo segurtasun-langileari buruzko komedia beltza da hau. Chalo bakartiak borrokarako lehen oilarra erosi eta laguntasunaren zapore gazi-gozoa ezagutuko du.

 

 

 


Puppy Love
Delphine Lehericey (Belgika-Suitza-Frantzia-Luxenburgo)

Diane 14 urteko nerabe enigmatikoa da. Beti dago lanpetuta anaia txikia Marc zaintzen, eta harreman oso estua du aita Christianekin. Auzora karismaz beteriko Julia gazte ingelesa etortzean, Dianen bizitza erabat aldatuko da.


El rayo
Fran Araújo, Ernesto de Nova Roldán (Espainia-Portugal)

Hassan etorkin marokoarraren odisea. Espainian hamahiru urte eman ondoren, ez du lanik aurkitzen eta etxera bueltatzea erabakiko du. Marokon lan egiteko, aurreztutako diru guztiarekin bigarren eskuko traktore bat erosiko du, eta haraino traktorez joango da. Espainiara iritsi zenean ez zuen ezer, baina orain ondasun bakarrarekin itzuliko da: el Rayo.


Wolf
Jim Taihuttu (Holanda)

Majid Holandako auzo pobre batean bizi den talentu handiko boxeolaria da. Denbora-tarte batez espetxean egon ostean, gimnasio baten jabe den Benek babespean hartuko du. Kriminal-banda bateko buruzagiak, Hakanek, haren trebetasunekiko interesa erakusten duenean, Majidek ez du jakingo benetan zer nahi duen.


Yozgat Blues
MAHMUT FAZIL COSKUN (Turkia-Alemania)

Anatoliako Yozgat hiri txikian bizi den Sabri bizarginak krisi emozionala jasango du bertako music-hall txiki batean abestera etorri diren Yozgat eta Neşe ezagutzean. Baina Neşek eta Yavuzek ere jasango dute ondoriorik, eta haien nahietako bat bera ere ez da beteko uste bezala


Zelena Kofta / The Green Jacket
Volodymyr Tykhyy (Ukrania)

Hiri handi bateko auzo pobre batean zazpi urteko haur bat desagertu da. Hainbat hilabetez haren bila ibili ostean, haurraren arreba zaharrenak bere kontura bilatzea erabakiko du. Anaiaren bahitzailea nor izan den badakiela sinetsita dago. Baina, justifika al dezake horrek mendeku latz bat?

 

71. Donostiako Zinemaldia

Emanaldien historikoa

Boturik gabe
Boturik gabe
Boturik gabe
Boturik gabe
Boturik gabe

Hizkuntzak