Laurent Cantet, Costa-Gavras, Bahman Ghobadi eta Lasse Hallström zuzendariek osatuko dute Donostia Zinemaldiaren 60. edizioa

Aurretik iragarritako filmekin batera, nazioarteko lau zinemagile garrantzitsuren film berriak lehiatuko dira Urrezko Maskorra irabazteko.


Le Capital (KAPITALA)
Costa-Gavras (FRANTZIA)

Costa-Gavras, Oscar baten eta Cannesen eta Berlinen irabazitako sarien jabe, eta hainbat lan klasikoren egile da, besteak beste, Z (1969), État de siège (1972), Missing (1982) eta Music Box (1989). Filmak Marc Tourneuil sikarioari eta bere igoera geldiezinari buruz hitz egingo digu, eta nola egingo den Kapitalaren jaun eta jabe. Zuzendariaren hitzetan: “Kapitalaren mendeko esklabo gara. Hura kolokan dagoenean, gu ere kolokan geratzen gara. Hazi eta garaitu egiten duenean, poztu egiten gara. Nork askatuko gaitu? Guk askatu beharko genuke? Behintzat haren zerbitzura nor dagoen eta zer egiten duen jakin beharko genuke”. Filmaren protagonistak Gad Elmaleh eta Gabriel Byrne dira.


FOXFIRE
Laurent Cantet (FRANTZIA-KANADA)

Laurent Cantet zinemagileak Zuzendari Berriak saileko saria irabazi zuen 1999an Donostian, Ressources humaines filmarekin, eta Urrezko Palmorria Cannesen, 2008an, Entre les murs bere aurreko filmarekin. Lan berri honetan, 1953an New York estatuko hiri txiki batean bizi den eta Foxfire izeneko ezkutuko emakumezkoen elkartea sortu duen neska-talde baten erretratua egingo du. Taldeak mendeku-bidaia bati ekingo dio ezinezko amets bat betetzeko: beren arauen eta legeen arabera bizitzea, gerta ala gerta. Raven Adamson, Katie Coseni, Claire Mazarolle, Madeleine Bisson eta Rachel Nyhuus dira protagonistak.


Hypnotisören / THE HYPNOTIST (HIPNOTISTA)
Lasse Hallström (SUEDIA)

Lasse Hallström zuzendari suediarrak –Mitt liv son hund (1985), The Cider House Rules (1999), Chocolat (2000) eta Salmon Fishing in the Yemen (2011) filmengatik ezaguna– Lars Kepler idazlearen best-sellerra moldatu du bere film berrian. Filmak komisario judizial batek eta hipnotista batek hilketa bortitz baten egilea aurkitzeko egingo duten ikerketa kontatuko digu. Protagonistak Börje Hansson eta Peter Possne dira.


FASLE KARGADAN / RHINO SEASON (FASLE KARGADAN)
Bahman Ghobadi (TURKIA)

Bahman Ghobadi zinemagile irandarrak bi aldiz irabazi du Urrezko Maskorra Donostian; lehenengoz 2004an, Turtles Can Fly filmarekin, eta bigarrengoz 2006an, Niwemang / Half Moon lanarekin. Bere film berriak Sahel poeta kurdu-irandarraren istorioa kontatuko digu. Hogeita hamar urte kartzelan igaro ondoren, bere emaztearekin elkartzen saiatuko da, baina hark hilda dagoela uste du. Monica Bellucci eta Behrouz Vossoughi dira filmaren protagonistak.

 

71. Donostiako Zinemaldia

Emanaldien historikoa

Boturik gabe
Boturik gabe
Boturik gabe
Boturik gabe
Boturik gabe

Hizkuntzak