Libanoko, Jordaniako eta Palestinako lau proiektuk hartuko dute parte Zinema Mugimenduan sailean

Amiens eta Friburgoko nazioarteko zinema jaialdiekin elkarlanean antolatutako Zinema Mugimenduan sailak zazpigarren edizioa izango du Donostia 59. Zinemaldian. Aurkeztutako lau filmak irailaren 19an, astelehena, aurkeztuko dituzte.

Zinema Mugimenduan ekimena amaitzear edo postprodukzio fasean dauden film luzeei Donostia Zinemaldiak eskaintzen dien sail irekia da. Magrebeko eta portugesez hitz egiten duten Afrikako herrialdeetako zinemagileek har dezakete bertan parte, bai eta garapen bidean dauden herrialde arabiarrek ere; hots, Angolak, Aljeriak, Cabo Verdek, Egiptok, Gineak, Irakek, Jordaniak, Libanok, Libiak, Marokok, Mozambikek, Palestinak, Sao Tome eta Principek, Siriak eta Tunisiak.

Aurten aukeratutako zuzendarietako hiruk aurretik ere hartu dute parte programan. Annemarie Jacir-ek Zinema Mugimenduan saria jaso zuen Milh Hadha al-Bahr (La sal de este mar, 2008) filmagatik 55. Zinemaldian (2007); Khalil Joreige-k eta Joana Hadjithomas-ek, aldiz, urte horretan Je veux voir filma aurkeztu zuten, eta ondoren Canneseko zinema jaialdiak aukeratu zuen «Un Certain Regard» sailerako.

Hauek dira 7. Zinema Mugimenduan programarako aurreikusitako laguntzak:

  • Mac’Tari nahasketa auditoriuma: 15.000 euro soinua nahasteko prestaziotan.
  • Centre National du cinéma et de l’image animée (CNC): 5.000 euro Frantzian postprodukzio gastuetara bideratzeko.
  • Dubaiko Nazioarteko Zinema Jaialdia: 5.000 euro postprodukzio gastuetarako.
  • Amienseko Nazioarteko Zinema Jaialdia: kopia 35 mm-tan azpititulorik gabe.
  • Friburgoko Nazioarteko Zinema Jaialdia: kopia 35 mm-tan azpititulorik gabe.
  • Titra Film: 2.500 euro azpitituluak frantsesez edota ingelesez egiteko.

CONFESSION AND STRUGGLE
Libano
Zuzendaria: Eliane Raheb
Libanoko gerra zibilaren ondorio suntsigarriei buruzko dokumentala. Istorioa aurkako bi pertsonaiaren bidez kontatzen da: alde batetik, Zerbitzu Sekretuko kide bat, pertsona ugariren hilketen arduraduna, erredentzio bila ari dena eta gizarteratu nahi duena; bestea, gatazketan desagertutako gazte baten ama. Eliane Rahebek (Libano, 1972) fikziozko bi film labur eta hiru dokumental zuzendu ditu. Horietako bati, Hayda Lubnan izenekoari, saria eman zioten Yamagatako Zinema Jaialdian. Beirut DC kultura kooperatibaren sortzaileetako bat da, baita «Ayam Beirut al Cinem’iya» jaialdiaren arte zuzendaria ere.
 

THE LAST FRIDAY
Jordania
Zuzendaria: Yahya Alabdallah
Antzezleak: Ali Suliman, Yasmine Almasri, Fadi Areida
Berrogei urteko gizon dibortziatu baten bizi-krisia. Beharrezkoa duen ebakuntza bat ordaintzeko nahikoa diru lortu behar du. Yahya Alabdallah (Libia, 1978) idazlea, ekoizlea, zuzendaria eta literatura kritikaria da. Hainbat film labur zuzendu ditu, horien artean: Six Minutes (2004), Al Jazeera, Amman, Trenton eta Cartago jaialdietan sariak jaso zituena; SMS (2008), Rotterdam, Tanger ISFF eta Osian Cinefan-IFF jaialdietan parte hartu zuena.
 

UNE FUSÉE DANS LE CIEL
Frantzia - Libano
Zuzendariak: Khalil Joreige eta Joana Hadjithomas
Dokumentalak Libanoko historiako ahaztutako garai bat gogorarazten du: Manoug Manougian matematika irakasleak eta unibertsitateko haren ikasleek espaziora kohete bat bidaltzeko proiektua. Azkenean, ezohiko esperimentu hori gobernuak finantzatu eta armadak kontrolatu zuen. Khalil Joreigek eta Joana Hadjithomasek (Libano, 1969) 1999. urtean zuzendu zuten beren lehen film luzea, Autour de la maison rose. Ondoren, A Perfect Day (2006) eta Je veux voir (2008) egin zituzten. Azken hori Canneseko «Un Certain Regard» sailean lehiatu zen, 2007ko Zinema Mugimenduan sailetik igaro ondoren.
 

WHEN I SAW YOU
Jordania - Palestina
Zuzendaria: Annemarie Jacir
Antzezleak: Mahmoud Asfa, Ruba Blal, Saleh Bakri
1960ko hamarkadaren amaieran girotua, filmak Tarekek, Jordanian errefuxiatutako emakume palestinar baten hamabi urteko semeak, mundua nola deskubritzen duen azaltzen du. Annemarie Jacirek (Palestina, 1974) The Satellite Shooters (2001) eta Like Twenty Impossibles (2003) film laburrak egin ditu. Bere lehen film luzea, Milh Hadha al-Bahr (La sal de este mar, 2008), saria jaso zuen 55. Donostia Zinemaldiko Zinema Mugimenduan sailean. Zinemagile Palestinarren Kolektiboko sortzaileetako bat da.

71. Donostiako Zinemaldia

Emanaldien historikoa

Boturik gabe
Boturik gabe
Boturik gabe
Boturik gabe
Boturik gabe

Hizkuntzak