Zinema Eraikitzen sailak sei film aurkeztuko ditu guztira, Argentinan, Brasilen, Txilen, Mexikon eta Uruguain eginak

Hona hemen aurten aurkeztuko diren lanen izenburuak: Asalto a la Fábrica de Caloventores (Argentina), Estanislao Buisel zuzendariarena; De Menor (Brasil), Caru Alves de Souzarena; Gloria (Txile), 2005 urtean Horizontes Latinos sailean La Sagrada Familia aurkeztu zuen Sebastián Lelio zuzendariarena; Las Horas Muertas (Mexiko-Espainia-Frantzia), Aarón Fernández zuzendariarena; Las Niñas Quispe (Txile-Frantzia-Argentina), Sebastián Sepúlvedarena, eta Tanta Agua (Uruguai), Ana Guevara eta Leticia Jorge zuzendariena. Azken lan hau aurreko Zinema Eraikitzen 21ean izana da, Toulouseko Rencontres Cinémas d'Amérique Latineren barruan.

Zinema Eraikitzen Latinoamerikako zinemarentzako laguntza-programa da, eta urtean bi aldiz egiten da, Donostia Zinemaldian eta Toulouseko Rencontres Cinémas d'Amérique Latinen.

Edizio honetan guztira 94 film jaso ditugu, hamasei herrialdetatik: Alemania, Argentina, Bolivia, Brasil, Costa Rica, Ekuador, Espainia, Frantzia, Italia, Kolonbia, Kuba, Mexiko, Peru, Txile, Uruguai eta Venezuela.

 


Asalto a la fábrica de caloventores
Estanislao Buisel Quintana (ARGENTINA)

Julioren bizitzan hainbat gauza hasiko dira: amodio-harreman bat, lan berri bat, eta proiektu bat lagun zahar batekin. Proiektua fotonobela bat egitea da, eta hura ikustean, ikus-entzunezko narrazio-prozesu baten garapenaren muinean sartuko gara. Maitasuna maitasuna da, eta lan berria liburu-denda bateko saltzaile izatea da. Bertan lapurtzea oso erraza dela konturatuko da Julio, eta horri ekingo dio, besterik gabe. Horrek arazoak ekarriko dizkio neska-lagunarekin, proiektuarekin eta lanarekin.


De Menor / Underage
Caru Alves de Souza (BRASIL)

Helena abokatu gazteak bere anaia nerabea den Caioren kustodia du. Anaia zaintzeak eta Brasilgo Santos hiriko Adingabeen Auzitegian lan egiteak osatzen dute bere eguneroko errutina; delituak egin dituzten haurren eta nerabeen ofiziozko abokatu gisa egiten du lan auzitegian. Anaiarekiko harremanaren oreka kolokan jarriko da Caiok delitu larria egin eta Helenak hura defendatu behar duenean.


Gloria
Sebastián Lelio (TXILE)

Gloria 58 urteko emakume txiletar erakargarri eta bizia da, eta orain, bizitzako etapa berri batean sartzen ari da: zahartzaroan. Hizlaria eta atsegina da, eta nabarmendu egiten da. Bere lana, bizitza sozial aktiboa eta jadanik bere senarra ez den gizonarekin izandako bi semeei laguntzea dira bere bizitzaren ardatzak. Maitasunean aukera berri baten bila dabil, baina, tamalez, aurrera egiten ez duten harremanetan sartzen da. Bidaia honetan, zahartzeko erronkari aurre egiteko kemena eta bidaia hori bakarrik egiteak dituen alde onak aurkituko ditu, eta harro sentituko da, berezko duen irribarrea galdu gabe.


Las horas muertas / The Empty Hours
Aarón Fernández (MEXIKO-ESPAINIA-FRANTZIA)

Sebastianek 17 urte ditu eta osabak Veracruzeko kosta tropikal hondatuan duen motel txikia bakarrik zaintzen hasi da. Mirandak inguruko higiezin-agentzia batean egiten du lan, eta tarteka motelera joaten da, maitale Mariorekin. Mario beti iristen da berandu maitasun-hitzorduetara, eta Mirandak itxaron egin behar izaten dio. Hutsarte horietan, Sebastianek eta Mirandak elkar ezagutuko dute, eta gero eta gehiago hurbilduko dira; dena dela, biek ere ondo dakite istorio horrek ez duela iraungo.


Las Niñas Quispe
Sebastián Sepúlveda (TXILE-FRANTZIA-ARGENTINA)

Filma 1974ko egiazko gertaera batean dago oinarrituta, eta Justa, Lucía eta Luciana Quispe ahizpen istorioa kontatuko digu. Hiruak artzainak dira goi-lautadetan, eta bizitza bakartia daramate. Duela gutxi hildako ahizpa baten heriotzagatiko atsekabeak eta kanpotik iristen zaizkien albisteek zalantza existentzialak eragin eta amaiera tragiko batera eramango ditu Quispe ahizpak.


TANTA AGUA / SO MUCH WATER
Ana Guevara, Leticia Jorge (URUGUAI-MEXIKO-HOLANDA)

Lucíak 14 urte ditu baina gazteagoa dirudi. Argala da eta neskatila gorputza du. Gurasoak dibortziatuta daude, eta anaia eta bera amarekin bizi dira. Alberto, haien aita, kiropraktikoa da. Gutxitan ikusten ditu seme-alabak. Horregatik, etxetxo bat alokatu du termetan. Oporrak motzak izango dira eta zeruak euria mehatxatzen du. Hara iristean panorama ezin okerragoa da. Debekatuta dago igerilekuan sartzea ekaitz elektrikoaren arriskuagatik. Alberto seme-alabak entretenitzen saiatuko da, familia-txangoaren porrota konpontzen saiatzeko. Baina gero eta gehiago saiatu, orduan eta gutxiago lortuko du.

 

71. Donostiako Zinemaldia

Emanaldien historikoa

Boturik gabe
Boturik gabe
Boturik gabe
Boturik gabe
Boturik gabe

Hizkuntzak