61. Zinemaldia

Hamasei film lehiatuko dira Kutxa-Zuzendari Berriak saria eskuratzeko

Gaur aurkeztu da Kutxa-Zuzendari Berriak saila osatuko duten film sorta. Hainbat eta hainbat herrialdeetako zinemagileen belaunaldi berriek zuzendutako hamasei lehen eta bigarren pelikula aurkeztuko dira: Ameriketako Estatu Batuak, Israel, Frantzia, Turkia, Lituania, Costa Rica, Grezia, Mexiko, Txina, Islandia, Ukraina, Errumania, Holanda eta Belgika. Duela aste batzuk jakinarazi zen bezala, filmetako bat Espainian egindakoa da, eta beste bi ere gure herrialdeekin egindako koprodukzioak dira.

Aukeratutako pelikula guztiak lehiatuko dira Kutxa-Zuzendari Berriak Saria lortzeko. Irabazlea nazioarteko berariazko epaimahai batek aukeratuko du, eta 50.000€ko ordainsaria jasoko du.
 


El árbol magnético
Isabel Ayguavives (Espainia-Txile)

Gazte bat bere sorterrira, Txilera, itzuliko da kanpoan denbora luzea eman ondoren. Txikitan familiak zuen landa-etxea salgai dago, eta tokiari agur esateko bilduko dira guztiak. «Zuhaitz magnetikoa», ezaugarri arraroko herriko bitxikeria bat, bisitatuko du, eta ia ahaztuta zituen sentsazioak eta maitasunak sentituko ditu.

 


CI YAN DE YANG GUANG / The Blinding Sunlight
Yu Liu (Txina)

Oso diru gutxirekin eta gizarte-laguntzen bizkar bizirautera kondenatutako Beijing hegoaldeko familia baten egiazko istorioa da hau.

 

 

Juan José Campanellaren “Futbolín” lan berriak irekiko du Donostia Zinemaldia

Irailaren 20an egingo den Donostia Zinemaldiaren 61. edizioaren hasierako galan Futbolín animazio-filma ikusteko aukera izango dugu. Juan José Campanellak eginiko lana da eta nazioarteko estreinaldian aurkeztuko du, lehiaketaz kanpo.

Futbolín joan den hilean estreinatu zuten Argentinan, Metegol izenarekin, hala deitzen baitiote han mahai-futbolari. Dagoeneko milioi bat ikusle baino gehiago erakarri ditu zinema-aretoetara, eta eman zuten lehen asteburuan, inoiz izan den argentinar film baten estreinaldirik arrakastatsuena izan zen.


Futbolín
Juan José Campanella (Argentina-Espainia)

Amadeo herri txiki eta anonimo batean bizi da. Taberna batean egiten du lan, inork baino hobeto jolasten du mahai-futbolean, eta Laurarekin dago maiteminduta, hark ez dakien arren. Amadeoren errutina sinplea erabat aldrebestuko da munduko futbolari onen bilakaturiko herriko gazte bat bertara itzultzen denean, bizitzan jasan duen porrot bakarragatik mendeku hartzeko prest. Mahai-futbola, taberna, baita arima ere suntsituta dituela, Amadeo gauza magiko batez ohartuko da: bere mahai-futbol kuttuneko jokalariek hitz egiten dute; erruz hitz egin ere! Elkarrekin abenturaz beteriko bidaia bati ekingo diote, Laura eta herria bera salbatzeko, eta bidean, egiazko talde bilakatu beharko dute. Baina, ba al dago mirarientzako tarterik futbolean?

Juan José Campanella El niño que gritó puta (1991) izeneko lehen lanarekin egin zen ezagun nazioartean. Haren atzetik beste izenburu batzuk etorri ziren: Y llegó el amor (1997), El mismo amor, la misma lluvia (1999), El hijo de la novia (2001), ingelesezkoa ez den film onenaren Oscar sarietarako izendatua, eta Luna de Avellaneda (2004). 2009an Donostia Zinemaldiaren 57. edizioko Sail Ofizialean lehiatu zen, El secreto de sus ojos filmarekin; azken lan honek ingelesezkoa ez den film onenaren Oscar saria irabazi zuen 2010ean, eta hispanoamerikar film onenaren Goya saria. Futbolín, zuzendariak egin duen lehen 3D animaziozko lana da.

Espainia eta Argentina arteko koprodukzioa da eta 3-D estereoskopikoan errodatu dute. Anbizio handiko proiektu honen ekoizleak Plural-Jempsa eta Atresmedia Cine etxeak izan dira Espainian, eta Jorge Estrada Mora Producciones etxea Argentinan, Cien Bares eta Catmandúrekin batera, eta, horrez gain, Canal +, Antena3, La Sexta eta Telefé kateen parte-hartzea izan du. Banaketa-lanez Universal Pictures International Spain arduratuko da.

Futbolín 2013ko abenduaren 20an estreinatuko dute Espainian.

François Dupeyron, Fernando Eimbcke, Roger Michell, Mariana Rondón, Bertrand Tavernier eta Jonathan Teplitzky lehiatuko dira Donostia Zinemaldiaren 61. edizioko Sail Ofizialean

Aurten ere mundu osoko zinemagile garrantzitsuak lehiatuko dira Urrezko Maskorra lortzeko irailaren 20tik 28ra egingo den Donostia Zinemaldiaren edizio berrian. Datozen asteetan jakinaraziko ditugu Sail Ofiziala osatuko duten gainerako filmen izenak.


Club Sándwich
Fernando Eimbcke (Mexiko)

Fernando Eimbcke mexikarrak hirugarren filma estreinatuko du Donostian. Palomak eta bere hamabost urteko seme Héctorrek oso harreman handia eta berezia dute. Kostaldean oporretan daudela, Héctorrek Jazmín nerabea ezagutuko du, eta maitasunaren eta sexuaren lehen izpiak biziko ditu. Palomak gertu eduki nahi du Héctor, eta gaizki pasatuko du; izan ere, onartu beharko du semea hazten ari dela, ez dela gehiago seme bera, eta lagun mina izateari utziko diola.


Mon âme par toi guérie
François Dupeyron (Frantzia)

C'est quoi la vie? filmarekin Urrezko Maskorra irabazi eta hamalau urte igaro ondoren, François Dupeyron berriro itzuliko da Donostiara. Frédi, filmeko protagonista, ohartuko da ama zenak sendatzeko boterea transmititu diola. Hasieran, erabat errefusatuko du, zoritxarrekoa baita; baina, istripu batek dena aldatuko du. Ezinbestean onartu beharko du bere eskuek sendatzeko gaitasuna daukatela.

Álex de la Iglesia, Manuel Martín Cuenca, Fernando Franco, Denis Villeneuve eta David Trueba zinemagileek Donostia Zinemaldiaren Sail Ofizialean aurkeztuko dituzte beren lanak

Espainiako hiru ekoizpen Zuzendari Berrien sailean lehiatuko dira, eta hamaika film luze aurkeztuko dira gainerako sailetan

Espainiako zinema Donostia Zinemaldiko protagonista handietako bat izango da aurten ere. Zinemaldiaren 61. edizioak Carmen Maura omenduko du Donostia sariarekin, Espainiako zinemagintzako azken hamarkadetako ibilbide profesional nabarienetako baten errekonozimendu gisa. Carmen Maurak bere azken filma aurkezteko ekitaldian jasoko du Donostia saria. Hain zuzen ere, lehiaketaz kanpo emango duten Álex de la Iglesia zuzendariaren Las brujas de Zugarramurdi aurkezteko ekitaldian.

Bestalde, aurtengo edizioko Sail Ofizialean Espainiako bi ekoizpen eta bi koprodukzio lehiatuko dira: Manuel Martín Cuenca, David Trueba eta Denis Villeneuve zuzendari ospetsuen lan berriek, baita Fernando Franco zinemagilearen opera primak ere.

Zuzendari Berriak sailean, berriz, beste lau talentu gaztek parte hartuko dute: Fran Araujo, Ernesto de Nova, Isabel Ayguavives eta Aarón Fernández. Zabaltegin, aurten ekoitzitako fikzio eta dokumental aukeraketa interesgarri bat aurkeztuko da. Belodromoan, Oskar Santos zuzendariaren Zipi y Zape y el club de la canica filma estreinatuko dute; Horizontes Latinos sailean hiru koprodukzio lehiatuko dira, eta beste film bat ere lehiatuko da Publikoaren saria eskuratzeko Perlak sailean. Horiek guztiek osatuko dute Espainiako zinemaren presentzia 61. Donostia Zinemaldian.

Sail Ofiziala

LAS BRUJAS DE ZUGARRAMURDI
Alex de la Iglesia (Espainia - Frantzia)

Komedia delirante eta frenetikoa. Hiru gizonezko ditu protagonista: etsipenaren etsipenez Compro Oro denda horietako bat atrakatuko dute Madrilgo Puerta del Solen, eta, handik, Disneylandiarantz abiatuko dira hiruretako baten semea hartuta. Baina, Frantziako mugan, euskal sorgin batzuk agertuko zaizkie, eta, orain milaka urteko sorginkeria-ohiturei jarraiki, gizonezkoei adarra joko diete sorginok.

"Perlak" atala Donostia Zinemaldiaren sail independente bilakatu da

"Zabaltegi", berriz, mota guztietako zinema-proposamenei irekitako atal bihurtu da

Irailaren 20tik 28ra bitartean egingo den Donostia Zinemaldiaren 61. ediziotik aurrera, orain artean Zabaltegi atalaren zati izan den Perlak izeneko film sorta atal independente bilakatuko da.

Espainian estreinatu gabeko urteko film luzerik onenen sorta hautatua izango da Perlak, kritikak txalotuak nahiz nazioarteko beste zinemaldi batzuetan sarituak, betiere.

Perlak ataleko film guztiek dute Publikoaren saria jasotzeko aukera.

Ataleko film bakoitzaren lehen proiekzio publikora agertzen diren ikusleek emango dute saria.

Publikoaren saria filma Espainian banatzen duen erakundearentzat izango da, eta bi sarik osatzen dute: lehen saria, 60.000 euro-koa, boto gehien biltzen dituen filmarentzat, eta 20.000 euro-ko bigarren saria, ikusleen boto gehien jasotzen dituen eta osorik nahiz zati batean Europan ekoitzitako film onenarentzat.

"Zabaltegi", berriz, urteko zinema-proposamen harrigarrienei eta erakargarrienei irekitako atal bihurtu da. Lehiaz kanpoko atal honetan ez dago arau formalik ezta gai-mugarik ere.

Hala, berriro heldu nahi dio Zinemaldiak Zabaltegiren jatorrizko izaerari, atzera ere programazioaren barruko benetako gune ireki izan dadin.

Erabaki horrekin Zinemaldiak iaz hasitako atalen berritzearekin jarraitu nahi du; orduan, izan ere, Zuzendari Berriak atal independente egin baitzuen.

71. Donostiako Zinemaldia

Emanaldien historikoa

Boturik gabe
Boturik gabe
Zure botua: Ezer ez Batez bestekoa: 5 (Boto 1)
Boturik gabe
Boturik gabe

Hizkuntzak